Urtarrilaren 20tik 25era bitartean, Nafarroako Filmotekak aukeratutako hiru film eskainiko dituzte Baluarte Jauregiko Ganbera Aretoan.

Iruñea Beltza-2025-zinea

Urtarrila bukaeran ospatzen duten Iruñea Beltza Literatura eta Zinema Jaialdiak 11. urteurrena ospatuko du 2025eko urtarrilaren 20tik 25era bitartean, eta dagoeneko ekimenaren xehetasunak eta egitaraua argitu dituzte. Munduan zehar egindako bidaia proposatuko dute aurten, noir generoaren toki esanguratsuenetan geldialdiak eginez: “Lur babesgabeak bisitatuko ditugu, gerran dauden lekuak gurutzatuko ditugu eta gailurrerako bidea aurkituko dugu”.

Urtero legez, literatura izango da ardatza, eta ezustekoz betetako edizioa izango dela aurreratu dute. Ohi bezala, gainera, eskaintza zinematografikoak ere tokitxoa izango du. Nafarroako Gobernuak bultzatu eta NICDOk, Baluarte Fundazioak, Nafarroako Filmotekak eta Iruñeko Planetarioak antolatutako jaialdiaren baitan hiru film pantailaratuko dituzte.

Alberto Cañada historialariak aurkeztuta, Bunny Lake is missing (Otto Preminger, 1965) emango dute urtarrilaren 20an, Londresen filmatutakoa eta Evelyn Piperen 1957ko izen bereko eleberrian oinarritutakoa: Londresen kokatu berritan, kurtsoaren lehenengo egunean Ann Lakek eskolara eramaten du bere alaba, baina, bere bila itzultzen denean, neskatoa desagertu da. Annek polizian salatzen du kasua, baina agenteen ikerketek ez dute inora eramaten, lurrak alaba irentsi balu bezala. Pixkanaka, komisarian Annen fantasia ote den pentsatzen hasi dira.

Bigarren saioan, urtarrilaren 21ekoan, Estatu Batuetatik iritsiko zaigun Harper (Jack Smight, 1966) egongo da ikusgai: Lew Harper detektibe pribatua kontratatu du Sampson emakume dirudunak, bere senarra Ralphen desagertze misteriotsua konpon dezan. Inork ez du ikusi Las Vegasetik negozio bidaia batean itzuli zenetik. Harperrek Allan Taggertekin, Sampsonen pilotu pribatuarekin, ikerketa hasten du. Laster konturatuko da desagertutako diruduna ez zela oso ezaguna bere ezagunen eta emaztearen artean.

Azkenik, hilaren 22an, Le samourai (Jean-Pierre Melville, 1967) gizon bakartiaren poema lazgarria eskainiz agurtuko dute zinema eskaintza: Soldatapeko hiltzaile hermetiko eta hotz baten istorioa. Jeff Costello perfekzionista da, eta kontu handiz prestatzen ditu beti bere hilketak. Ez dute inoiz harrapatu, hala ere, gau batean, klub baten jabea erail ostean, lekuko batzuen bistan geratzen da. Koartada bat eraikitzeko ahaleginek huts egin dute, eta, pixkanaka, inguratuko dute, bai poliziak, bai traizioa egin dioten bezeroek.

Hiru saioak 20:15ean hasiko dituzte, Baluarte Jauregiko Ganbera Aretoan. Sarrerak 3 euro balio ditu.

Ezagutu egitaraua, jarraian.