EITBk bi film estreinatuta ospatuko du aurten Euskararen Nazioarteko Eguna. Alde batetik, Josu Martinezen Bizkarsoro (2023) izango da ikusgai ETB1en -21:45ean-, eta, bestetik, Tasio (1984) emango dute ETB2-ko ‘La Noche de…’ saioaren baitan -22:20an-. Biak ala biak PRIMERAN plataformara gehituko dituzte ere.
1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute Bizkarsoro filma, besteak beste 2024ko Ikus-entzunezko Argia Sariarekin aitortu dutena. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarrituta, XX. mendeari errepaso soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa eman dio Martinezek, euskara jomugan duen oldarraldia aspalditik datorren auzia dela erakutsiz. Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro, eta, era berean, bertako biztanleak euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira.
#Kritika | ‘BIZKARSORO’: Euskara behar du herriak
Dokumentalgintzan trebaturiko Josu Martinezek sorturiko filmak 71. Donostia Zinemaldiaren ZINEMIRA atalean ikusi zuen lehenengoz argia, eta etorkizuneko zinemaren habia izateko xedez sorturiko Fif StJeanDeLuz – Donibane Lohitzuneko Nazioarteko Zinemaldian eta Hazparneko Zinegin festibalean erakutsi ostean estreinatu zen zinema aretoetan. Orotara, 30.000 ikus-entzuletik gora bildu ditu Euskal Herrian.
Bestalde, Montxo Armendariz nafarraren opera prima da Tasio. Donostia Zinemaldian estreinatu zela 40 urte bete dira 2024an, ‘klasiko’ izendapenarekin berriz ere jarri zuten ikusgai 72. edizioan. Euskadiko Filmategiak zaharberritu du Boloniako L’immagine Ritrovata laborategian (Bolonia), eta nazioarteko zinema jaialdietan ari dira erakusten, 4K kopiarekin. Cannesko zinema-jaialdiko Cannes Classics, Boloniako Cinema Ritrovato eta Lyongo Lumière izan dira horietako batzuk. Era berean, 2025ean Ipar Euskal Herriko zein Frantziako zinema aretoetan egongo da ikusgai.
Tasioren bizitza irudikatzen du. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, baina bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak.
#Kritika | ‘TASIO’: Naturaren erritmoarekin dantzan
Bada, gaur iluntzean, “prime time” ordutegian emango dituzte bi lanak, tamalez, kontraprogramatuta. ETB1en izango da ikusgai Bizkarsoro (2023), 21:45etik aurrera, filmaren telebistako estreinaldia izango denean, eta ETB2-ko ‘La Noche de…’ saioaren baitan emango dute Tasio (1984), 22:20etik aurrera. Biak ala biak, PRIMERAN plataforman emango dituzte ere.