Dantzaren, zinemaren, teknologia berrien, gorputzaren eta makinaren arteko harremanak arakatzen dituen Zinetika Jaialdiaren 9. edizioko lehen emanaldiak hartu ditu Iruñeak asteburuan, azaroaren 30etik abenduaren 1era bitartean. Honen ostean, abenduaren 7an, Bilboko Guggenheim Museoan izango da, eta abenduaren 15ean eta 16an, Donostiako Gazteszenan eta Trueba zinemetan.
ZINETIKA dantzaren eta ikus-entzunezko arteen, gorputzaren, zinemaren eta teknologiaren arteko harremanak aztertzen dituen diziplina anitzeko jaialdia da; elkarren nahasketaz sortzen dena, arte-esperientzia desberdinen bila. Zentzu horretan, emanaldiez harago, bideodantzari buruzko proposamenak, performanceak, masterclassak eta gai horren inguruko lantegiak ere jasotzen ditu.
Hala, kultura-esperientzien plataforma bilakatzen da urtero, hainbat arte-arlotako eta hainbat jatorritako erakundek eta sortzailek partekatua; tokian tokikoak izan, nahiz nazioartekoak izan. Jaialdia Iruñean, Donostian eta Bilbon ospatu ohi da, urte amaieran.
Bada, hiri buruzagiak hartutakoak izan dira 9. edizioko lehen emanaldiak, azaroaren 30etik abenduaren 1era bitartean. Orotara, 3 saile nagusien barruko (Sail Ofiziala, Zinetiks eta Student Films) 8 filmen proiekzioek, hiru performancek, klase magistral batek eta bideosormen tailer batek osatu dute programazioa. Jaialdiak izango dituen hiru hitzorduetako oparoena izan da Iruñekoa, baina Bilbon eta Donostian ere izango dute aukera gozatzeko.
Hain zuzen ere, Bilboko Guggenheim Museoa izango da hurrengo topalekua, abenduaren 7an, larunbatean. Proiekzioei dagokienez, 18:00tan ezarri dute hitzordua, eta 2024ko hautaketako filmak izango dira ikusgai.
Amaitzeko, Donostia hartuko du mostrak abenduaren 15ean eta 16an. Kasu honetan, astelehenez egingo dute filmen emanaldia, 19:30etik aurrera, Trueba zinema-aretoan.
Ikusi programazioa xehe, HEMEN.