Montxo Armendariz eta Sam Pechkinpah zinemagileei eskainitako zikloek jarraipena izango dute abenduan. Gainera, filmategiak bultzatutako Film Laburren I. Lehiaketako sari-banaketa ekitaldia egingo dute.
Urrian abiatu zuen Nafarroako Filmotekak Montxo Armendarizi eskainitako atzera begirakoa, eta azaroan jarraipena izan zuen. Bada, abenduan emango diote bukaera zinemagile nafarraren lanen errepasoari. Batetik, hilaren 13an Silencios rotos (2001) filmaren bigarren emanaldia egingo dute 17:15ean; 1944ko negura eramango gaitu 21 urteko Luciaren begiradatik. Bestetik, Abenduaren 13an bertan (19:30ean) eta 20an (17:15ean) Bernardo Atxagaren unibertsoan oinarritutako Obaba (2005) egongo da ikusgai. Azkenik, hilaren 27an No tengas miedo (2011) lana proiektatuko dute.
Armendariz goratzeaz gain, Sam Peckinpah gogoratuko dute, azaroan egin bezala. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Hollywoodeko industria irauli zuten zuzendarien taldeko kidea omenduko dute haren filmak erakutsiz: Straw Dogs (1971) eta Junnior Bonner (1972).
Nafarroako Filmotekak bestelako saioak ere izango ditu datozen egunetan. Oskar Alegria zinemagileak Pablo Mandazen Sotori (Anaia Gines ezizenez ezaguna dena) eskainitako saioa atondu du Filma et labora izenpean. Anaia Ginés Garraldatik Venezuelara igaro zen La Salle ordenetako erlijiosoa, non bizitza osoan zehar ikerketa-eta hezkuntza-lan luze eta emankorra egin zuen. Zinemagile amateurra ere izan zen, eta hain zuzen ere, hark egindako Oko Warao: gente de curiara (1986) emango dute, baita Alegriak zuzendutako Berauniko/plenitud en Garralda (2024) film laburra ere.
Bestalde, Mendien Nazioarteko Egunaren harira, Xabier Garreta mendizale nafarrak 2011n erraztutako ondare zinematografikoaren lagin bat erakutsiko dute, Euskadiko Filmotekak berrikusi eta digitalizatutakoa. Gainera, Nafarroako Gobernuaren Generazinema laguntzak jaso dituzten hiru film laburren aukeraketaren zein Navarra Shortzinema bildumaren parte diren obrak ezagutzeko aukera egongo da.
Abenduko saio bereziei dagokienez, Marcello Mastroianni aktorearen eta Henry Mancini musika konposatzailearen jaiotzen mendeurrena ospatuko dute I Girasoli (Vittorio De Sica, 1970) klasiko italiarrarekin. Bigarren proiekzioarekin batera solasaldia ere egingo da: Manuel Gutierrez Aragonek hitza hartuko du bere azken liburua aurkeztuz, eta 1980an zuzendutako Maravillas ikusi ahalko da. Hirugarren saioa Nafarroako Filmotekak eta Nafarroako Gazte Txartelak sustatutako Film Laburren I. Lehiaketako sari-banaketa ekitaldiari dagokio.
Lurralde osoko emanaldiak
Nafarroako Filmotekak lurralde osora zabalduko du bere egitaraua. Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin bultzatua eta NICDOk (Navarra Impulsa Cultura, Deporte y Ocio) antolatua, programazio-sarearen parte izango dira Tafalla –Robot Dreams (Pablo Berger, 2023), abenduaren 11n-, Burguete –Tasio (Montxo Armendariz, 1984), abenduaren 13an-, Aoiz –Robot Dreams (Pablo Berger, 2023), abenduaren 15ean-, eta Altsasu –Mon père, le diable (Ellie Foumbi, 2021), abenduaren 16an-.