ZINEGOAK – Bilboko LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiak, 2025eko ekainaren 23tik 30era ospatuko den XXII. edizioan parte hartzeko deialdia zabaldu berri du. Zinema sortzaileek, ekoizleek edota banatzaileek, 2025eko martxoaren 10a baino lehen aurkeztu ahalko dira lanak.

Zinegoak elkarteak abiatu ditu 2025eko ekainaren 23tik 30era bitartean egingo duen Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ Zine eta Arte eszenikoen Jaialdiko prestaketa lanak. Horretan, filmen izen-emate deialdia zabaldu berri du eta, ohi bezala, LGTBIQ+ komunitatearen sexu-, genero- edo familia-aniztasun gaiak jorratzen eta ezagutarazten dituzten filmek parte hartu ahalko dute festibalaren 22. edizioan.

2025eko martxoaren 10 baino lehenago eman behar da izena, Festhome plataforman, eta soilik 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoiztutako lanak onartuko dituzte, baldin eta horiek ez diren Euskal Herriko areto komertzialetan estreinatutakoak izan.

Hautatutako lanak 3 sailetan banatuko dira, iraupenaren eta motaren arabera: FIK fikzioko film luzeak (45 minututik gorakoak), DOK film luze dokumentalak (45 minututik gorakoak) eta KRAK fikziozko edo dokumentalezko film luzeak (narratiba berriak edo proposamen estetiko berriak, 45 minutuko baino gehiagoko iraupenarekin). Horrez gain, film laburren kategoria ere egongo da (fikziokoak edo dokumentalak, 45 minutukoak edo laburragoak).

Antolakuntza 2025ko apirilaren 30a baino lehenago harremanetan jarriko da jaialdian parte hartzeko hautatuak izan diren hautagaiekin, eta zerrenda ofiziala ostean argitaratuko da.