Azaroaren 29an, Die Hard (John McTiernan, 1988) eta Monty Python’s Life of Brian (Terry Jones, 1979) filmak pantailaratuz egitasmoak hamarkada bete duela ospatu dute, Antzoki Zaharrean.

Bang_Bang 10 urte-zinea

2014an abiatu zituen Bang Bang Zinema ekimenak zineforum saioak, eta ordutik zinema emanaldi bikoitzak antolatu dituzte hilabetero, donostiarren gozamenerako. Die Hard (John McTiernan, 1988) eta Aliens (James Cameron, 1986) filmak izan ziren Jon Paul Arroyo, Patxi Presa, Iñaki Gabarain, Alfonso López eta Miguel Baquero sortzaileek ikusgai jarri zituzten lehenak.

Bada, iragan larunbatean, hamarkada geroago, Bruce Willis protagonista duen akziozko lana berreskuratu zuten urteurren borobila ospatzeko. Monty Python’s Life of Brian (Terry Jones, 1979) komedia klasikoak osatu zuen Antzoki Zaharrak hartu zuen egitarau berezia.

Denboran bidaia egiteko aukera ematen duen egitasmoa da Bang Bang Zinema. Zinema goratzeko asmoz sortua, galdutako emozioak, istorioak eta zinemaren izaera kolektiboa berreskuratu nahi izan dute herritarrengan. Bada, antolatu ohi dituzten saioak interaktiboak izaten dira, emanaldi soilez haratagokoak. Proiektatutako filmetako figura ikonikoez osatutako photocall-ak eman zien ongietorria 10. urteurren festara gerturatutako zinemazaleei, eta cava-edanarekin topa egin zuten.

Azken hilabeteotan, gainera, Bang Bang Zinema proiektuko saio guztien kartelekin osatutako erakusketa egon da ikusgai Ernest Lluch Kultur Etxean. Urriaren 24an, kartelok osatu dituzten artistekin solasaldia ere antolatu zuten. Hain zuzen ere, Bertan hitz egindakoa oinarri hartuta, 2024ko azken saioko kartela ere aurkeztu dute asteburuan. Abenduaren 14an emango dituzten bi filmen irudiak ageri dira bertan: Young Sherlock Holmes (Barry Levinson, 1985) eta Indiana Jones and the Last Crusade (Steven Spielberg, 1989).

Gaur bertan jarriko dituzte sarrerak salgai, 11:30ean, Donostia Kulturaren webgunean zein Antzoki Zaharreko lehiatilan.