Pello Mari Otaño bertsolari eta poetaren bizitza eta obra ardatz dituen ikus-entzunezkoa diru-bilketa herrikoiaren bidez lagundu dute finantzatzen; Zizurkilgo Udalaren babes ekonomikoa izan du. Azaroaren 30ean, 18:00etan hasiko da saioa San Millan elizan, eta lan-taldeko kideak bertan izango dira.
Euskal kulturaren ikur garrantzitsua bada ere, ahanzturan eroria da Pello Mari Otaño. Bertsolariz osaturiko familia txiro batean jaio zen, Zizurkilgo Errekalde baserrian. Bertsolaritza eta poesia landu eta bi opera libreto idatzi zituen, baita diasporako seme-alabei euskaraz ikasteko metodologi bat asmatu ere, beste askoren artean. Bada, Otañoren memoria berreskuratzeko asmoz, eta belaunaldi berriei haren ekarpena ezagutarazteko, Ombuaren itzala filma zuzendu du Patxi Bisquert aktore, zinemagile eta ekoizleak. Eguzki Arte ekoiztetxeak auzolanean ekoitzi du proiektua.
Diru-bilketa kanpaina jarri zuten martxa urte hasieran, Verkami plataforma bidez; ikus-entzunezko lanaren produkzio-gastuak ordaintzeko crowdfunding herrikoia abiatu zuten proiektuaren sortzaileek, besteak beste, attrezzoa, argiztapena, jantziak eta ekipoaren garraioa estaltzeko asmoarekin. 40.000 euro batzea ezarri zuten helburutzat, udalak, kultur-elkarteak, ikastolen federakuntza, hezkuntza publikoko sarea eta herritarrak inplikatuz. Bada, ondo lortu ere bai.
Filma Zizurkilen errodatu dute gehienbat, eta bertan ikusiko du orain argia. Bihar, azaroaren 30ean, San Millan elizan egingo dute Ombuaren itzala lanaren aurrestreinaldia, 18:00etan hasita. Lan-taldeko kideak eta hainbat gonbidatu bertaratuko dira saiora.
Filmaren nondik norakoak
Herriak bere bertsolari kuttuna agurtu zuen unea antzeztu eta jaso dute iruditan. Izan ere, “emigrantearen herriminetik, eta herri zapaldu baten berpizkundetik eginiko bidaia” jasoko du Ombuaren itzala filmak, hala 1876an, Foru Abolizioaren ondoren Argentinara nola ihes egin zuen ezagutuko dugu. Bi urteren ostean bueltatu zen Zizurkilera, bereganako inolako peskizarik ez zegoela egiaztatu ondoren. Berriz jo zuen itsasoz bestaldera, eta hamar urtez abere zaintza lanetan jardunda, gaixotu eta Euskal Herrira itzuli zen.
Bada, momentu honetan hasiko da filma: Karlisten eta Liberalen arteko liskarrak pil-pilean zeuden garaian, Otaño bere tokia aurkitzen saiatuko da. Madalen Alberdirekin ezkondu eta poesia konposatzen hasiko da, oihartzuna lortuz. Familiarekin batera Argentinara egingo du bigarrenez bidaia, eta bertako ombú zuhaitza zein jaioterriko baserriaren ondoan zuen intxaurrondoari buruzko poema idatziko du. Argentinan lortuko du Otañok ospe handiena bertsolari-poeta gisa.
Patxi Bisquert zinemagile eta ekoizlearen gidaritzapean, Uma Manterola, Olatz Beobide, Sara Cozar, Joseba Usabiaga, Iñaki Beraetxe, Ramon Agirre eta Kandela Manterola aktoreek osatuko dute filmaren talde-artistikoa.
Leave A Comment