Abenduaren 4an Multicines 7 aretoetan egongo da Aitor Gonzalez de Langaricak zuzendutako lana ikusgai. Saio bakarra aurreikusi dute, 19:00etan hasiko dena.
Aitor Gonzalez de Langaricak zuzendutako Muerte en Amara dokumentala Bilbon estreinatuko dute abenduaren 4an. 1960ko ekainaren 27an Donostiako Amara tren geltokian eztanda egin zuen bonba baten ondorioz hil zen Begoña jaioberriaren kasua aztertuko da bertan, inoiz argitu ez dena.
Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldian aurkeztu zuten sortzaileek proiektua, eta Gasteizen egin ohi den Euskal Zinema Dokumentalaren Astean erakutsi dute ostean. Bada, zinema areto komertzialetara jauzia emango du orain. Bilbon egongo da lehenik ikusgai, baina saio bakarra iragarri dute momentuz. 19:00etan hasiko dute emanaldia, Multicine 7 aretoan (José María de Escuza Kalea, 13).
Área Audiovisual ekoizetxearen proiektua da dokumentala, eta Euskal Telebistaren parte hartzea dauka.
Filmaren nondik norakoak
Gaizka Fernándezek eta Manuel Aguilarrek abiatutako kasu baten ikerketari jarraitzen dio Muerte en amara dokumentalak: 20 hilabeteko Begoña Urroz haurra Donostiako Amara geltokian 1960an bonbaz egindako atentatu batean hil zen. Justizia frankistak inor atxilotu gabe itxi zuen kasua, eta ahanzturan geratu zen. Senar-emazte gazte baten lehenengo haurra izan zen; horiek Beintza-Labaiengoak (Nafarroa), Gipuzkoara emigratu zuten bizitza hobe baten bila.
2000. urtean, Ernest Lluchek gaurkotasunera ekarri zuen gertatutako hura, eta errebelazio polemiko bat egin zuen: Begoña ETAren lehenengo biktima izan zela jakin zuela adierazi zuen.Ideia horri jarraituz, 2010ean, Diputatuen Kongresuak ofizialki aitortu zuen Begoña ETAren lehenengo biktima izan zela, eta aho batez onartu zuen Terrorismoaren Biktimak Babesteko Legea. Kasua behin betiko argitu zela zirudien.
Hala ere, historialari eta kazetari batzuek zalantzan jarri zuten bertsio ofizial hori, berau babesteko frogarik ez zegoelako. Hala, hipotesi alternatibo bat aditzera eman zuten: DRIL (Askapenerako Direktorio Iraultzaile Iberiarra), misterioz inguratutako erakunde hispano-portugaldar ahaztu bat, diktadura frankistaren eta salazaristaren aurkariek (Kuban eta Venezuelan erbesteratuek) osatua.