10 aitortza lor ditzake Euskal Herriko zinemagintzak; telesailen arloan faborito da Alauda Ruiz de Azuaren Querer obra.
Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak banatzen dituen Feroz sarien 2025eko ekitaldia urtarrilaren 25ean egingo dute, Pontevedran (Galizia). Atzo jakinarazi zituzten aitortzak jasotzeko hautagai diren proiektu eta profesionalak; zinema arloari dagokionez, Casa en flames (Dani de la Orden) ekoizpen kataluniarra da faborito. Zortzi izendapen ditu, eta seirekin dira La habitación de al lado (Pedro Almodovar), La virgen roja (Paula Ortiz) eta Los destellos (Pilar Palomero).
Parte hartze euskal herritarra duten proiektuei erreparatuta, Arantxa Echevarria bilbotarra zuzendari onenaren kategorian sartu dute. La infiltrada ondu du, 90eko hamarkadan girotutako eta benetako gertakarietan oinarritutako thrillerra. 8 urtez ETAn infiltratuta egon zen Polizia Nazionaleko agente bat da protagonista, Carolina Yustek interpretatutakoa. Hain zuzen ere, Yuste emakumezko aktore onenaren atalean da hautagai. Gainera, trailer onena sortu izanaren saria irabaz dezake Javier Moralesek.
KRITIKA | LA INFILTRADA: Itxurosoa bezain engainagarria
Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako Marco–ren trailerra ere goratu dezake Espainiako Zinema Berriemaileen Elkarteak, kasu honetan, Omar Bermudez eta Carlos Berotek eraikitakoa. Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da filma, Enric Marco Batlle (Bartzelona,1921-2022) CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia. Eduard Fernandezek interpretatu du sindikalista kataluniarra, eta berau gizonezko aktore onenaren finalisten zerrendan ageri da.
KRITIKA | MARCO: Asmatutako egiarena
Azkenik, hautagaitza bakarra lortu du Iciar Bollain madrildarrak zuzendu eta Kowalski Films ekoiztetxe donostiarraren Soy Nevenka lanak: Urko Olazabal aktore bilbotarra goratu dezakete. Nevenka Fernandezen benetako kasuan oinarritutako istorioa dakar filmak: Ponferradako Udaleko Ogasun zinegotzia zelarik alkatea salatu ondoren, politikari bat jazarpenagatik kondena dezaten lortu zuen Espainiako Estatuko lehen emakumea bilakatu zen.
KRITIKA | SOY NEVENKA: Inork ez zuen Nevenka sinistu
Pantaila txikian, handi
Urteko telesail onenak ere saritzen dituzte Feroz sarietan, eta arlo honetan arrakastatsua izan da ekoizpen euskal herritarra. Alauda Ruiz de Azua barakaldarraren Querer ageri da denen buru, zazpi izendapen ditu 30 urte ezkonduta eman ondoren senarra utzi eta behin eta berriz bortxatzeagatik salatuko duen emakume baten istorioa kontatzen duenak: Gidoi Onena (Alauda Ruiz de Azua, Eduard Solà, Julia de Paz), Taldeko Gizonezko Aktore Onena (Miguel Bernadeu eta Ican Pellicer), Taldeko Emakumezko Aktore Onena (Loreto Mauleon), Gizonezko Aktore Onena (Pedro Casablanc), Emakumezko Aktore Onena (Nagore Aranburu), Drama Telesail Onena (Susana Herreras, Fran Araújo, Juan Moreno, Koldo Zuazua).
Moriartitarren Cristobal Balentziagari buruzko Balenziaga telesailarekin lehiatuko da, kategoriako lan onena izan nahian. Gainera, jostun getariarra interpretatu duen Alberto San Juan gizonezko aktore onenaren atalean da finalista.
Ezagutu 2025eko Feroz sarien hautagaien zerrenda osatua, hemen.
Leave A Comment