Isaac Rosaren Final Feliz (Seix Barral) eleberriaren egokitzapena da, Maria Vázquez eta Pablo Molinero aktoreak protagonista dituena. Lamia Producciones euskal ekoiztetxearen proiektuak 70. Donostia Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen.

Nosotros-zinea

Helena Taberna zinemagile nafarraren Nosotros zazpigarren film luzeak badu estreinaldirako data. 2025eko otsailaren 21ean iritsiko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetara. 2018an kritikarengatik oso txalotua izan zen Isaac Rosaren Final Feliz eleberriaren egokitzapena da, eta gidoia altsasuarrak berak idatzi du Virginia Yagüerekin batera.

Bizkaiko hainbat herritan -Barakaldon, Durangon, Bakion, Urduñan eta Amorebieta-Etxanon- errodatu ostean, argia ikustear da filma. María Vázquezek eta Pablo Molinerok interpretatutako bikote protagonistaren istorioa kontatuko du: beste askok egin bezala maitemindu egin ziren, ilusio bat bizi izan zuten, seme-alabak izan zituen, oztopoen aurrean borrokatu eta sekula amore eman ez zuten. Baina maitasuna amaitzen denean, galderak sortzen dira: non okertu zen dena? Zergatik amaitu dugu horrela? Beren harremanaren argi-itzaletan zehar egindako bidaian, Angela eta Antonio prekarietatearen, desioaren interferentzien edo maitasunaren idealizazioaren aurka borrokatuko dira.

Altsasuarrak adierazi duenez, “pertsona arruntak eta pasio unibertsalak” ardatz dituen istorioa da Nosotros, “edozein ikus-entzule identifikatuta senti daitekeena”. Horretarako, aktoreengan jarri du fokua: “Film sakon bat egin nahi dut, maitasunaren garrantziari buruzko gogoeta berriak proposatzeko, ikuslea zinema konbentzionalenak erakutsi ohi dizkion proposamen hutsaletatik urrunduz. Laburbilduz, Feliz final maitasunaren distira alaitasunez berreskuratzen duen film argitsua izatea nahi dut, galtzeak sortzen duen mina gorabehera”.

Txarli Argiñano argazki zuzendaria, Maite Perez-Nievas arte zuzendaria eta Javier Bernal jantziteria arduraduna, besteak beste, proiektuaren parte dira. Lamia Producciones, Vértigo Films eta Nosotros la película, A.I.E taldeen ekoizpena da, RTVE eta EITBren partaidetza duena. ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntza du.