Lehendakaria Pedro Sanzhez Espainiako presidentearekin bildu zen atzo, eta Gernikako Estatutuan gauzatzeke zeuden transferentziak adostu dituzte. Zinema eta ikus-entzunezko jardueraren antolaketa eta kudeaketa eskualdatu egingo dira.
Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak atzo Madrilen argitu zutenez, ikus-entzunezkoen eta zinemaren kudeaketa eskualdatu egingo da. Lehendakariak adierazi duenez, urte bukaerarako espero dute berau gauzatzea, Transferentzien Batzorde Mistoaren bilera egitean: “Puzzlearen azken zatitzat jo dezakegu, kulturaren arloan Gernikako Estatutua amaituta dagoela baieztatu ahal izateko”.
EAEren eta Espainiako Estatuaren arteko Aldebiko Lankidetza Batzordea aurrenekoz elkartu da 1987an sortu zenetik, eta bi gobernuetako goi-ordezkariek parte hartu dute. Gernikako Estatutua betetzeko falta ziren eskumenak transferitzea izan dute helburu, eta tartean jarduera zinematografikoa eta ikus-entzunezkoak daude.
Besteak beste, garapenerako diru-laguntzak, ikus-entzunezko alfabetizazio-politikak edota hizkuntza koofizialetako zinematografia babesteko funtsa izan dira jorratutako puntuak. Bada, Zinema aretoak sustatu, euskarazko lanen ekoizpena, banaketa eta erakusketa bultzatuko eta kudeatuko ditu Eusko Jaurlaritzak aurrerantzean.
Lehendakariaren esanetan, “zinema gorantz doan sektorea da Euskadin, eta gazteek gero eta ikus-entzunezko eduki gehiago kontsumitzen dituzte. Eskumen berri honi esker, zinemaren sektorearen euskal estrategia indartu ahal izango dugu, eta, aldi berean, ikus-entzunezko eduki propioak sortzea bultzatu ahal izango dugu”.