Gaur hasi eta hilaren 29ra bitartean, zinemagile nafarrak zuzendutako hiru film luzeak pantailaratuko dituzte, Errioxako hiriburuko Cines 7 Infantes aretoan. Saioak 19:30ean hasiko dituzte, eta emanalien ostean hitza hartuko du sortzaileak.
‘Minúsculo-Belleza-Universal’ izenpeko atzera begirakoa antolatu ohi dute Logroñoko Elarrebato zineklubak, Casa de las musas elkarteak eta Los trabajos y las noches zinemaldiak. Nazioartean saritutako autore esanguratsuenei eskainitako tartea da, eta Oskar Alegria zinemagile nafarra izango da oraingoan egitasmoko protagonista. Honek bakarka zuzendutako hiru film luzeak pantailaratuko dituzte datozen egunotan.
Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazinoarteko Jaialdiako zuzendari artistikoa izan zen Alegria 2015etik 2017ra. Aurretik, baina Emak Bakia baita! filma errodatu zuen, 2012an. Bada, gaur bertan abiatuko duten atzera begirakoan berau egongo da ikusgai. Man Ray artista iparramerikarraren Bakia (1926) filmean azaltzen den eta Miarritzen kokatutako izen bereko etxearen bilatzea kontatzen du bertan, era dokumentalean.
Bihar, aldiz, 2019an Nafar Pirinioetako basoetan bakartzea erabaki duen gizon baten istorioa kontatzen duen Zumiriki lana emango dute, Veneziako Mostrako Orizzonti sailean aurkeztu zena.
Etzi, Alegriak berriki estreinatutako eta ikus-entzunezko ibilbide poetikoa dakarren Zinzindurrunkarratz (2024) ez-fikziozko lanarekin emango diote bukaera zikloari. Super-8 formatuan filmatua, “oinez eginiko film bat” da. Zuzendariak, Artazu bere herritik, Paolo astoarekin Andimendira egindako bide poetikoa kontatuko du, ahaztutako edota galdutako memoriaren erakusgarri. SEMINCIn – Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean abiatu zuen filmak aurkezpen ibilbidea, dokumental onenaren Gran Premio DOC saria irabazita. Ostean, Florentzian eta New Yorken saritua izateaz gain, Festival du Cinéma Espagnol de Nantes jaialdiko Film Dokumental Onena izendatu dute.
Saio guztiak 19:30ean hasiko dituzte, eta emanaldi bakoitzaren ostean zinemagile nafarrak hitza hartuko du. Berarekin batera izango dira Patricia Andrés eta Fernando Vilchez, Los trabajos y las noches jaialdiko zuzendariak eta Alegriaren obran adituak. Sarrera bakoitzak 5 euro balio du, baina hiru saioetarako bonua eskuratu daiteke ere, 12 euro ordainduta.
Leave A Comment