Abenduaren 6tik 15era ospatuko da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia, inoizko oparoena, 49 filmen emanaldiak hartuko dituena. Horien artean, 11 dira Euskal Herrian ekoiztu edo zuzendari euskaldunak dituztenak.

226 pelikula inskribatu dira aurten Mendi Filmen. Sekula eman den kopuru handiena da honakoa, orain arteko 17 edizioetan oparoena. Hala, horien arteko 49 pelikula proiektatuko dira aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldian. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikulak dira, guztiak produkzio berriak, gehienera jota 2 urte baino ez dituztenak.

Mendi Film nazioarteko jaialdi erreferentea dela berretsiz, hainbat herrialdetako ekoizpenak daude hautatuen artean: Euskal Herritarak (11 film), noski, eta baita Espainia, Frantzia, AEB, Italia, Austria, Erresuma Batua , Eslovenia, Kanada, Suitza eta Norvegia aldetik etorritakoak. Koprodukzioak ere dezente dira: AEB-Belgika, AEB-Kanada, Suitza-Italia, Suitza-Polonia, Txile-Argentina. Batzuk zein besteak, jaialdiko Sail Ofizialean edota Zabalandi atalean izango dira ikusgai.

Hala, Sail Ofizialean, palmareseko sariak eskuratzeko lehian, 40 pelikulek hartuko dute parte. 24.800 euro banatuko dira 12 saritan, eta honakoek osatuko dute horiek ebazteaz arduratuko den epaimahaia: Michael Dillon, zinemagile australiarra; Joni Cooper, Banff edota Doxa-Vancouver zinema jaialdietako zuzendari izandakoa;  Oscar Gogorza, kazetari eta mendi gidari euskal herritarra; Toon Hezemans, Dutch Mountain Film Festivaleko zuzendaria; Haizea Huegun, musika konposatzaile euskal herritarra.

Era berean, Zabalandi sailari dagokionez, lehiaz kanpoko  9 pelikula aurkeztuko dira. Tartean, iaz Mendi Film Beka jaso zuen Peligro. No asomarse, aurtengo IAMF Sari Nagusia jaso duen Renan Ozturk zinegilearen The Ghosts Above, SOS Himalaya Fundazioak babestutako Moving Himalayas, edota Hasiera Ekitaldirako programatutako Nuptse. L’Inaccessible absolu.

Ikusi 49 film parte-hartzaileen zerrenda xehe, HEMEN.

WOP Mendi Film Saria, Euskadiko eta Nafarroako Federazioei

Jaialdiak banatzen dituen sarien artean bada bat oso berezia izaten dena: WOP Mendi Film Saria. Bada, 2024an, Euskadiko eta Nafarroako Federazioek jasoko dute sari hori.

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako mendi elkarteek sustatuta, 1924ko maiatzaren 18an sortu zen Euskal Herriko Mendizale Federazioa, Federación Vasco-Navarra de Alpinismo izenez, Elgetan. Gaur egun, Euskal Mendizale Federazioa (Euskal Autonomia Erkidegokoa) eta Nafarroako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioa, elkarlanean ari dira organo iraunkor baten bidez, Euskal Herriko Mendi Biltzarra (EHMEBI) deitu dutena.

WOP Mendi Film Sariaren banaketa abenduaren 6an egingo dute, 19:30etik aurrera Euskalduna Jauregian, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 17. edizioari hasiera emango dion ekitaldiaren baitan.