Felipe Ravina, José Hernández eta Mirna A. Piñeiro sortzaile tenerifetarren Nika, el calderón tropical dokumentala gailendu da CIMASUB – Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren 48. Edizioan,  Urrezko Baranda eta Real Sociedad Fundazioaren Dokumental Onenaren Saria eskuratuta. Azaroaren 21etik 23ra bitartean ospatu berri dute hitzordua.

‘Nika, el calderón tropical’ dokumental sarituaren irudia

Urtero bezala, egitarau zabala atondu dute, filmen proiekzioak, Txikiziklo Submarino topaketa eta hainbat argazki erakusketa hartu dituena. Horiei esker, arrezifeen bizitzan, esploratu gabeko sakoneran eta gizakien eta itsasoaren arteko harreman konplexuetan murgiltzeko aukera izan du publikoak, itsasoko biodibertsitateari eta itsas espezieen eta haien ingurunearen arteko interakzioei buruzko ikuspegi bereziaren bidez.

Antolatzaileak “ezin hunkituago eta eskertuago” agertu dira publikoak 48. edizioari emandako babesarekin. Izan ere, emanaldien hiru egunetan, sarrera agortuen kartela zintzilikatu behar izan zuten Donostiako Antzoki Zaharreko leihatilan. Bada, Felipe Ravina, José Hernández eta Mirna A. Piñeiro sortzaile tenerifetarren Nika, el calderón tropical dokumentala gailendu da bertan erakutsitakoen artean, Urrezko Baranda eta Real Sociedad Fundazioaren Dokumental Onenaren Saria eskuratuta.

Itsaspeko Txikizikloa

Itsaspeko Txikizikloa, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendurikoa, azaroaren 18tik 22ra ospatu da, goizez, Donostiako Aquariumeko auditorioan.

Proiekzio eta hitzaldi hezitzaileen bidez, 500 haur baino gehiagok ozeanoak kontserbatzearen garrantziaz ikasteko aukera izan dute, eta baita itsasoko biodibertsitatea ezagutzekoa ere. Ziklo honen helburua gazteen artean ingurumen-kontzientzia sortzea da, guztia giro hezitzaile eta atsegin batean.

Argazki Erakusketak

Era berean, azaroan zehar, hainbat argazki erakusketa izango dira ikusgai Donostiako hainbat txokotan: Donostiako Aquariumeko Nautilus aretoan, Garbera merkataritza-gunean eta Reale Arenaren Kirol Etxean.

Erakustaldi horiek planetako urpeko hondorik ikusgarrienak azaleratuko dituzte, espezie paregabeak eta urpeko paisaia ikaragarriak erakutsiz.