Azaroaren 25ean abiatu zuten Zallan egin ohi duten Nazioarteko Film Laburren Lehiaketaren 43. edizioa, eta hilaren 30era arte luzatuko da. Saioak 19:00etan hasiko dituzte egunero, herriko Zine Antzokian.

Enkarzine43-zinea

Etxekoek etxekoentzat prestatzen duten lehiaketa izaera izateagatik, azken urteetan garrantzi handia irabazi duen hitzordua da Enkarzine Nazioarteko Film Laburren Lehiaketa. 43. edizioa martxan dute dagoeneko, astelehenean (azaroaren 25ean) abiatu baitzuten, eta hilabete bukaera arte luzatuko da. 500 lan aurkeztu dira deialdira, eta hautaketa-batzordeak 44 film labur aukeratu ditu egunotan proiektatzeko.

Mundu osoko lanak (Belgika, Espainia, Frantzia, Kolonbia, Turkia, Peru…) erakutsiko dituzte, baita Euskal Herrikoak ere. Esaterako, KIMUAK 2024 katalogoan aukeratua izan den Utländsk (Alba Lozano) ikusgai izango da azaroaren 28ko saio irekian: sei urte Suedian eman ondoren, Esti Oiartzunera itzuliko da, nahiz eta berehala alde egiteko nahia piztuko zaion. Munduan norberaren tokia aurkitzeko zailtasunaz eta aurrera egiteko ezintasunaz jardungo du ama-alaben arteko desadostasunak eta komunikazio eza tarteko.

Amaiera ekitaldia hilaren 30ean egingo dute, 19:00etan, Zallako Zine Antzokian. Film labur saridunak pantailaratuko dituzte, eta sariak emango dira. Guztira, 2.650 euro banatuko ditu Enkarzinek, ondoko kategorietan banatuta: 43. Enkarzineko Film Labur Onena, Fikziozko Film Labur Onena, Dokumental Labur Onena, Animaziozko Film Labur Onena eta Ikusleen Sari Berezia. EiTBren lankidetzari esker, gainera, Gazte Epaimahaiaren EiTB Saria emango da aurrenenekoz.

Ezagutu egitaraua, hemen.