Euskal kulturazaleek hartzeko eta emateko 933 nobedade eta 200 ekitaldi egongo dira jada ate joka dagoen 59. Durangoko Azokan. Tartean, Euskarazko zinemagintzaren plaza den Irudienea guneak 40 lan eskainiko ditu.
Hilabeteetako lanaren ostean, antolakuntzaren asmoak forma hartu dute: egitaraua esku artean, erakusmahaien kokapena antolatuta, kultur nobedadeen zerrenda osatuta… eta prestaketen azken txanpan murgilduta. Durangoko Azokaren ateak zabaltzeko gogotsu daudela azaldu zuen Beñat Gaztelurrutia koordinatzaileak, orain egun gutxi egindako aurkezpen gerraldian: “Bertan bilduko gara kultura bizi eta zaindu nahi dugun sortzaileak, argitaletxetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Denak ditugu beharrezko. Aurten, dei berezia egin gura diegu zaleei, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbestekoak direlako”.
Izan ere, abenduaren 5etik 8ra ospatuko da Durangoko Azoka. Landako Gunean 274 erakusmahai ipiniko dituzte 153 partaideren artean, eta 933 kultur nobedade egongo dira eskuragai. Denetariko estilo eta gaiak jorratzen dituzte sorkuntza lan horiek, eta tokikoak bezala, mundu mailakoak ere badira.
Eta tartean, noski, ikus-entzunezkoak ere bai: 40 lan eskainiko ditu euskarazko zinemagintzaren plaza den Irudienea guneak. Horien artean, haurrei zuzendutako hainbat egongo dira; Irabazi arte eta Loa eta Laia. Bizitzaren melodia telesailen denboraldi berrien estreinaldia, edota Central Parkeko Heroiak (Zinema Euskaraz) animaziozko lanaren emanaldia, adibidez.
Era berean, hainbat gazte zinemagileren lanak ere ikusi ahalko dira: Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea, Jone Arriolaren Hor konpon, Negu Kolektiboaren Negu Hurbilak, edo euskarak pantailetan eta ikus-entzunezkoen munduan bizi duen egoera aztergai duen June Agirreren, Alex Altunaren eta Oier Markotegiren Urak eginen du bide dokumentala, besteak beste.
Gainera, izen handiko zinemagileen azken lanak ezagutzeko aukera ere emango du Irudieneak: Azken Erromantikoak (David P. Sañudo), Puzzleak. Bortxaketaren Jauregia (Kote Camacho), Foto Laso (Iban del Campo); eta ITOIZ, udako sesioak dokumentalaren teaserra ere aurkeztuko dute egileek.
Ikusi egitaraua xehe, HEMEN.
Dema S.A. sortzaile amateurren arteko dema
Urte osoan zehar herriz-herri euskaraz egiten diren laburmetraien lehiaketatan (24 ordu edo gutxiago edo 24-48 ordutan egiten diren ikus-entzunezko rallyak) finalista geratu direnen finala da DemaSA. Durangoko Azokako Irudieneak hartzen du lehiaketa honen final handia, eta bertan aukeratzen da urteko laburmetrairik onena. Gainera, DemaSA topaleku ere bada zuzendarien artean elkar ezagutu, esperientziak partekatu eta harreman berriak sortzeko.
Bada, Epaimahaia ikus-entzunezko sektorean aktibo dauden profesionalek osatuko dute eta abenduaren 6an, 18:00etatik aurrera ospatuko den ekitaldian bertan emango dute aurtengo irabazlearen berri.