260 lan aurkeztu dira Arnasa Gara proiektuaren baitako ekimenean. Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 28an egingo dute, Bergarako Seminarixoan.

arnasetik lehiaketa 2024-zinea.jpg

Euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerri euskaldunetako gazteei zuzenduta dagoen ARNASETIK bideosormen lehiaketaren hirugarren ediziora 260 lan aurkeztu dira. Iazko edizioan baino 148 gehiago. Arnasa Gara ekimenak antolatuta, “10 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena pizteko eta euren hizkuntza ohituren inguruan gogoeta eragiteko” helburua dauka.

40 udalerrik izan dute ordezkaritza lehiaketan, eta jasotako lanak hiru kategoriatan banatu dituzte: LH 5. eta 6. mailako ikasleek beren herriko txoko kutunenerako bidea erakutsi behar izan dute; DBH 1. eta 2. mailetako ikasleek beren herrietako urteko egunik berezienerako nola prestatzen diren erakutsi behar izan dute. DBH 3. eta 4. mailetako ikasleek, berriz, kazetari lanak egin eta kalean zehar jendeari galdetu behar izan diote herriko zein beste pertsonaren azalean jarriko liratekeen.

Sari-banaketa ekitaldia azaroaren 28an egingo dute, Bergarako Seminarixoan. 18:00etan abiatuko dute, eta Esti Curielek eta Amaia Ruiz de Galarretak aurkeztuko dute. Guztira, 6 sari banatuko dituzte, eta kategoria bakoitzeko lanik onena epaimahaiak aukeratuko du, 500 euroko sari bana emanez. Gainera, balio bereko publikoaren saria ere banatuko da, bozketa bidez hautatua (4.200 bozka baino gehiagorekin itxi da bozketa). Bergarako Udalak, gainera, herriko lanik onenak aitortuko ditu (250 euroko sari bana).

Arnasguneetako gazteak

UEMAk, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da Arnasa Gara, eta euskararen arnasguneek duten garrantzia jendarteratzeko asmoz jarduten du lanean, euskara euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmenduz.

Bada, Arnasa gara proiektuaren barnean kokatzen da ARNASETIK lehiaketa, eta espresuki, arnasguneetako gazteengan jarri nahi du arreta, haien hizkuntza-ohituren inguruan hausnarketa eragiteko.