Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorean ikus-entzule gazte berriak erakartzea helburu du ekimenak. Tokiko zinemagileen filmak proiektatuko dituzte, baita tailerrak eskaini ere.
Golem Zinemak antolatuta, Bilboko Begira Elkartearekin eta Baionako L’Atalante zinemarekin elkarlanean, ikusle gazte berriak sustatzea xedea duen Etorkizuneko ikusleak egitasmoa gauzatuko da 2024-2025 ikasturtean, Iruñean. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen babesa dauka, eta filmen proiekzioak zein tailerrak hartuko ditu.
Bada, zinemaz zineman gozatzea bultzatzea, eta aisialdiko aukera kultural gisa gaitasun artistikoak eta kritikoak garatzea dira programaren ildo nagusiak. Gainera, talentua eta tokiko ekoizpena sustatuko dituzte, eta jarduerak Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastetxeetan egingo dituzte, gaztelaniaz zein euskaraz.
Tokiko zinemagileen pelikulak pantailaratuko dituzte Golem Yamaguchin. Abenduaren 9an, ekoizpen nafarra duen Robot Dreams (Pablo Berger) animaziozkoa poroiektatuz abiatuko dute Etorkizuneko ikusleak ekimena, eta Maite Miqueorekin solasaldia egongo da gero, Arcadia ekoiztetxean garapeneko, postprodukzioko eta marketingeko koordinatzailearekin. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako saioa da, gaztelaniaz.
Bestetik, Simón 62 (Mirari Echávarri eta Irati Gorostidi) eta Contadores (Irati Gorostidi) lanak izango dira ikusgai 2025eko urtarrilaren 17an, eta ostean, Echávarrik berak hitza hartuko du. Saioa Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta egongo da, euskaraz.
Otsailaren 20an, adin berekoei zuzenduta, Sultanaren Ametsa obra aurkeztuko du Isabel Herguerak berak, eta oraindik zehaztu gabeko datan Estibaliz Urresolak 20.000 erle espezie opera prima erakutsiko die gaztetxoenei. Azkenik, saio sorpresa bat egongo dela ere aurreratu dute, apirila eta ekina bitartean.
Alfabetatze-tailerrak
Ikus-entzunezkoetan alfabetatzeko hiru tailerrek osatuko dute Etorkizuneko ikusleak ekimeneko egitaraua. Azaroaren 26an ikasleak eruak izango dira esperientziaren protagonista zuzenak. Aktore sentitzeko aukera izango dute, zenbait sekuentziak interpretatuz.
2025ean sartuta, urtarrilean, zeluloidea pintatzeko eta manipulatzeko tartea izango dute, 35 milimetroko pelikularekin. Parte-hartzaile guztiek film berarekin lan egingo dute, zeluloidea pintatzeko eta zuzenean aldatzeko teknikak aplikatuz. Amaitutakoan, emaitza proiektatuko da, eta parte-hartzaileek beren ekarpen indibidualak obra kolektibo batean nola integratzen diren ikusiko dute.
Azkenik, urtarrila eta martxoa bitartean, multiplanoa landu eta beronen bertsio txikia eraikiko dute ikasleek, eta kamera digital edo mugikorrarekin animazio azkarrak sortuko ditugu, paperezko txotxongiloak eta ebakigarriak erabiliz.
Leave A Comment