Azaroaren 21etik 24ra bitartean ospatuko dute euskal zinemaldia, eta bertan, azken hilabete eta urtean aurkeztutako eta oihartzuna izan duten euskal ekoizpenak pantailaratuko dituzte. Musika ere ez da faltako.
Gaur abiatuko dute euskal kulturak bizitzeko behar duen arnasgune bat proposatzen duen Zinegin festibalaren 13. edizioa. Zukugailua elkarteak (Eñaut Castagnet eta Loic Legrand tutore) Makeako antzerki tailerreko eta Bidarraiko gazteekin sortu dituzten film laburren emanaldiak –Azken euskalduna eta Errekari mintzo– emango dio hasiera, Haritz Barne zine-gelan, 19:30ean hasita. Ostean, Azterketak Euskaraz kolektiboa osatzen duten Seaskako ikasle, irakasle, guraso eta ikasle ohien testigantzak jasotzen dituen Oihaletxea (Lander Garro) dokumentala emango dute.
Eihartzea Kultur Etxeak, Ttattola gaztetxeak eta Haritz Barne zine-gelak Zinegin festibala elkarlanean sortu zuten 2012an, eta geroztik, bere jatorrizko xedeari eutsiz, euskarazko filmak proiektatzen ditu Hazparnen. Aurten azaroaren 21etik 24ra bitartean ospatuko dute jaialdia, eta fikziozko, ez-fikziozko eta animaziozko lan ugari eskainiko dituzte. Azken hilabete eta urtean aurkeztutako eta oihartzuna izan duten euskal ekoizpenak ezagutzeko parada egongo da, baita musika ikuskizunez gozatzeko ere.
Bihar, Garapen Kontseiluak antolatuta, Zine-eztabaida egingo dute, 19:30ean. Aurreko egunean erakutsitako film laburren parte hartzaileak izango dira hizlariak. Ostean, musikaren txanda izango da, Ttattolan: Alba zine-kontzertua lehenik, eta Txaptrax taldearen ikuskizuna gero.
Azaroaren 23rako, egun osoko egitaraua prestatu dute Zinegin festibaleko arduradunek. Goizean goiz, 10:30ean Baruntse, mendiaren deia (Xiril Alvarez, Yann Piron, Jean-Luc Brémond) dokumentala egongo da ikusgai, eta eguerdian, 14:00etan, film laburren saioa egingo dute: Begi erreak (Frank Harriet), Txotxongiloa (Sonia Estevez), Ximinoa (Itziar Leemans) eta Ardiak, ezkontza eta kontrabandoa (Andrés Salaberri Pueyo). Arratsaldean, berriz, 16:30ean, David Perez Sañudoren bigarren lan luzea pantailaratuko dute, Azken erromantikoak, eta Oiogorri (Pette Etxebarria) laburra gero. Larunbata agurtzeko Zinzindurrunkarratz (Oskar Alegria) ez-fikziozko obra poetikoa ekarriko dute pantaila handira.
Jaialdiari amaiera lau saiok emango diote. Robotia (Diego Cagide, Diego Lucero) animaziozko lana izango da ikusgai egongo den lehena, goizean. Eguerdian, Sakanan tortura pairatu duten 149 biktimen testigantzak jasotzen dituen Arg(h)itzen dokumentala ezagutzeko aukera egongo da. Arratsaldean, aldiz, Maddi Barberren 592 metroz goiti eta Kote Camachoren Puzzleak (Bortxaketaren jauregia) laburrak emango dituzte. Azkenik, Isabel Hergueraren Sultanaren ametsa animaziozkoak itxiko du Zinegin festibala.
Saio bakoitzerako sarrerak 3 euro balio du, eta HelloAsso webgunean edo Haritz Barne zine-gelan eskuratu daitezke.
Leave A Comment