Zuzendaria: David Perez Sañudo
Urtea: 2024
Herrialdea: Euskal Herria
Ane (2020) opera primarekin, besteak beste, Donostia Zinemaldian Euskal Gidoi Onenaren eta Euskal Zinemaren Irizar sariak eta hiru Goya estatuatxo lortu ostean, David Perez Sañudok Marina Pares izan du oraingoan ere bidelagun. Elkarrekin egokitu dute Txani Rodriguezek idatzitako Los últimos románticos eleberria, eta AZKEN ERROMANTIKOAK izenpean aurkeztu zuten 72. edizioko Zinemira sailean.
Paper fabrika batean lan egiten duen Irune da protagonista, gizarteak galdu dituen balioei eusten diena. Perez Sañudo ez da harengandik sekula aldenduko, haren aldamenean kokatuko da, emakumearen bihotzarekin bat egin nahi baitu. Miren Gaztañagak umiltasunetik interpretatuta, erakutsiko duen aurpegi goibel eta tristea izango dira pertsonaiak bizi duen egoeraren erakusle nagusiak: atsekabetuta dago, amets frustratuei egingo die negar, eta egokitu zaizkion lotura sozial, profesional eta familiarretatik askatu ezinean dabil. Bularrean koskor bat detektatzen diotenean bizitza osoa birplanteatu beste erremediorik ez du izango, fabrikan langileak kaleratzear daude eta protestetara batuko da, bizilagunek ez diote bakean uzten, eta ez ezin du gehiago.
Eztanda egitear dagoen emakume baten istorioa dakar AZKEN ERROMANTIKOAK-ek, mundua bere gain hartzearen zamak itotzen duenarena. Iruneren barrenetara eramango gaituen apustu bisualean zein pasarte sinboliko eta metaforikoetan babestuko da Perez Sañudo -industria guneetako paisaia zakarra, etxe klaustrofobikoa, ospitaleetako pareta zuri klinikoak-, eta sustengu sakona emango diote drama huts batetik erabat aldenduko den filmari.
Familiarteko harremanen, lan (industria) munduaren eta gizarte eraldaketen inguruko hausnarketek osatuko dute zinemagile bilbotarraren puzzle emozional eta existentziala, eta berezkoa duen erritmo narratibo pausatu eta organikoari eutsiko dio, protagonistaren hausturak (eta ihesbiderako aurkituko dituen formula partikulak) jasanezin bilakatzen joan ahala.
“Gauzak aldatu egiten dira, bukatu egiten direlako” entzungo diogu une jakin batean pertsonaietako bati esaten. Laster etorriko da erreplika: “Beharbada, gauzak aldatu egiten dira gu geu ez garelako izan ginena”. Bizitza berri bat berrasteko aukera eta eskubideaz ari zaigu Perez Sañudo hizketan, Ane lan sarituan ere, nolabait, iradoki zigun bezala.
Leave A Comment