Zinemagile gipuzkoarrak Aitor Arregirekin batera zuzendutako Marco filmaren sortze-prozesua izango du hizpide. Saioa azaroaren 23an izango da, Donostiako Tabakaleran.

Jon Garaño-Marco-zinea

Tabakalera zinema ikasgela bat ere bada. Maiz aldarrikatu dute espazioaren kudeatzaile eta arduradunek: Zinema-eskola bat bada (Elias Querejeta Zine Eskola), eta haren klase askok pantaila partekatua dute oinarri. Aurkezpenenak, gonbidatuak, proiekzioak testuinguruan kokatzeko hitzaldiak edota publikoarekiko topaketak izaten dira eguneroko eskola. Gainerako bazkideek ere, aurkezpenak, mahai-inguruak eta eztabaidak eskaintzen dituzte bertan, eta horietako gehienak publikoari zabaltzen zaizkio.

Bada, eragileen arteko sinergia horretatik jaio zen 2020ko urtarrilean KONTATUTAKO ZINEA fokua, eta hain zuzen ere moriartitarrak izan ziren lehen gonbidatuak. Zuzendariei beren lan prozesuak aretoan azaltzeko gonbitea du oinarri egitasmoak eta, hain zuzen, haien erabaki izandakoak publikoarekin partekatzean datza. Bestela esanda, sortzaile gonbidatuek euren obretako bat izango dute hizpide, disko gogorren karpetak eta ia inoiz modu kolektiboan ikusten ez diren baina beraien lanaren B aldea osatzen duten materialak erakustean: casting-probak, kamera-probak, gidoi-bertsioak, muntaketa-bertsioak, eszena ezabatuak, prozesuaren zalantzak, eraginak, casting-erabakiak, idazketa-tratamenduak, eta abar.

‘Marco’: Jon Garaño

Azaroaren 23an, berriki estreinatu den Marco filmaren zuzendarietako bat izango da gonbidatua, Jon Garaño. Aitor Arregirekin batera zuzendua, Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da, Enric Marco Batlle (Bartzelona,1921-2022) CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia dakarrena.  Eduard Fernandezek interpretatuko du sindikalista kataluniarra, eta Nathalie Poza eta Daniela Brown aktoreak izango ditu aldamenean. Batean zein bestean hitzaldiak ematen aritu zen urte luzez filmeko protagonista, komunikabideetan ere agerraldiak maiz eginez. Nazien kontzentrazio esparruetan preso egon eta nola biziraun zuen kontatzen zuen horietan. Bada, bere biografia asmatu egin zuela eta guztia gezurra zela deskubritu zen gerora.

KRITIKA | MARCO: Asmatutako egiarena

Moriarti eta Irusoin euskal ekoiztetxeekin batera, Atresmedia Cine, La verdad inventada AIEr eta BTeam Prods aritu dira ekoizpenean. Era berean,  azken hau arduratuko da banaketaz. Proiektuak EiTBren, ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren, Atresmediaren eta Movistar Plus+ taldeen parte hartzea du.  Veneziako Mostran aurkeztu zuten, Orizzonti sailean, eta ostean, 72. Donostia Zinemaldiko perlak saila agurtu zuen.