30 gidoilariren 27 proposamen aurkeztu dira deialdira, euskarazko zazpi. Hautatutako gidoilariek Estibaliz Urresola eta Asier Guerricaechebarriaren laguntza pertsonalizatua jasoko dute.

HAUTATUAK-gidoi mentoring junior-zinea

GIDOI – Euskal Herriko Gidoigilieen elkarteak ‘GIDOI MENTORING. SENIOR SUPPORTS JUNIOR’ gidoigile berrientzako mentoretza-programa martxan jarri du. Urrian aurkeztu zuten egitasmoa, eta dagoeneko lehenengo edizioko aukeratuak ezagun dira: Elene Mengyu eta Nitya López.

Txinan jaio baina Barakaldon bizi da Menguy, eta ZINEBI zein ZINEGOAK jaialdietan parte hartu du. Zinema Ikusezina festibala antolatzen ere lagundu du. Azaldu dutenez, aurkeztutako proiektuak oso gatazka gizatiarra jorratzen du “gure existentziari buruzko funtsezko gaiak bere buruari galdetzen dizkiolako, hori guztia emozio-karga handiarekin, pertsonaia handiekin eta hasieratik amaieraraino harrapatzen duen trama batekin”.

Bestetik, film labur eta bideoklipak zuzentzen ibilbide luzea du Lopez bizkaitarrak. Hautaketa-batzordeko kideek esan dutenez, bere proposamenak “oso trama originala aurkezten du, deskonposizioan dagoen mundu batekin eta egungo zineman ohikoak ez diren protagonista oso erakargarriekin. Istorio horrek, gainera, gure munduan egoteko moduari buruz eta gure adinekoei begiratzeko eta tratatzeko moduari buruz hausnartzea du helburu”.

Programaren nondik norakoak

Film luze baten ideia garatzen ari diren talentu berriak sustatzeko programa da honakoa, eta sorkuntza zinematografikoa sustatzea eta Euskal Autonomi Erkidegoko ikus-entzunezkoen panorama indartzea ditu abiapuntutzat. Bada, aukeratutako profesionalek Estibaliz Urresola eta Asier Guerricaechebarriaren laguntza pertsonalizatua jasoko dute idazteko prozesu osoan zehar.

Era berean, parte-hartzaileek beren aholkulariekin batera lan egingo dute, eta aholkulariek aholkularitza espezializatua eta orientazio profesionala emango diete. Besteak beste, beren proiektuak hobetzen eta deialdi ofizialetara aurkezteko prestatzen lagunduko diete, hala nola Eusko Jaurlaritzaren Gidoi Idazketarako deialdia.

Guztira, 30 gidoilariren (11 emakume eta 19 gizonezko) 27 proiektu aurkeztu dira ‘GIDOI MENTORING. SENIOR SUPPORTS JUNIOR’ gidoigile berrientzako mentoretza-programara (fikziozko 26 eta dokumental bat), eta 7 izan dira euskarazkoak.