Azaroaren 22tik aurrera Sade Cines taldeak kudeatzen dituen aretoetan ikusi ahalko da Josu Martinezek zuzendutako fikziozko lana.

Bizkarsoro-Donostia-zinea

Donostiako Bagera Elkartearen Sade Cines enpresaren eta Donostia Kulturaren partaidetzari esker, Josu Martinezek zuzendutako Bizkarsoro (2023) filma berriz iritsiko da hiriko zinema aretoetara. Azaroaren 22tik aurrera egongo da ikusgai.

Bagera Elkarteko Amets Ibero ordezkariak azaldu duenez, filmak ikuslearen kontzientzia astintzeko balio du, eta Sade taldeko zinema unitateko ordezkaria berriro pantailara ekartzearen garrantziaz mintzatu da: “Saderentzat funtsezkoa da euskal ekoizpenak euskal kulturaren oinarrizko osagai gisa sustatzea eta hedatzea. Gure zinema aretoetan Bizkarsoro filma jartzeko proposamenari gustura heldu diogu eta ikusleek erantzutea eta gozatzea espero dugu”.

KRITIKA | BIZKARSORO: Euskara behar du herriak

1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute Bizkarsoro filma, besteak beste 2024ko Ikus-entzunezko Argia Sariarekin aitortu dutena. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarrituta, XX. mendeari errepaso soziopolitiko, ekonomiko, kultural eta linguistikoa eman dio Martinezek, euskara jomugan duen oldarraldia aspalditik datorren auzia dela erakutsiz. Euskal Herriko edozein herri izan daiteke Bizkarsoro, eta bertako biztanleak, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira.

Dokumentalgintzan trebaturiko Josu Martinezek sorturiko filmak 71. Donostia Zinemaldiaren ZINEMIRA atalean ikusi zuen lehenengoz argia, eta etorkizuneko zinemaren habia izateko xedez sorturiko Fif StJeanDeLuz – Donibane Lohitzuneko Nazioarteko Zinemaldian eta Hazparneko Zinegin festibalean erakutsi ostean estreinatu zen zinema aretoetan, eta 30.000 ikus-entzule bildu ditu Euskal Herrian.