Maddi Barber artista nafarrak Museo Bikoitza programaren baitan ondu du. Bi elementuk osatzen dute instalazioa: film bat eta pantaila bat.
Donostiako San Telmo Museoaren Museo Bikoitza programaren baitan, Maddi Barber artista nafarraren Harria eta poltsa instalazioaz gozatzeko aukera dago eraikineko elizan. Hinrich Sachs aurreko egoiliarraren lekukoa hartuko du, eta Ainara Elgoibar eta Usue Arrieta artistak izango dira hurrengo gonbidatuak. Seigarren edizio honetako emaitzak azaroaren 16az geroztik daude ikusgai, urtebete iraungo du. Bi elementuk osatzen dute instalazioa: film bat eta pantaila bat.
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologi talde batek gauzatzen dituen lan prozesuetan murgilduko dira Barberrek filmatutako irudiak. Artxiboko materialak tartekatuz, arkeologiaren eta museografiaren arteko harremanak aztertzen ditu, baita ere bi praktika hauek objektuen desplazamendua sortzeko duten modu ezberdinak ere. Bestetik, “agerpen eta harrera” egitura baten gisa dihardu pantailak. Desplazamendu mota bat ahalbidetzen duen gailu mugikor bat da.
Irudien desplazamendua oinarri, bi elementuak elkarri lotuak, autonomoak izango dira San Telmo Museoaren bilduman integratzerakoan; filma beste pantaila batzuetan ikusi ahal izango da eta mugitzen ari diren beste irudi batzuk hartuko ditu pantailak.
Esku-hartze programa
Museo Bikoitza STMk aldizka egin ohi duen esku-hartzen programa bat da; artista berri bat gonbidatzen dute, urtebetez, museoarekin lotuta dagoen proiektu berri baten produkzioan lan egin dezan. Hala, bildumaren eta kontakizun museografikoaren hainbat berrirakurketa ahalbidetzea da helburua, artista ezberdinen eskutik. Lan horren emaitza urtebetez egonten da erakusketa-programaren barruan, eta azkenik museoaren arte-bildumari gehitzen zaio.
Proiektu honekin Asier Mendizabalek 2014an San Telmo Museoan aurkeztu zuen Soft Focus lanak ezarri zituen programaren oinarriak, eta atzetik etorri dira Ibon Aranberri (2018/19), Erlea Maneros Zabala (2019/20), José Mari Zabala (2020/21), Iratxe Jaio & Klaas van Gorkum (2022/23), Hinrich Sachs (2022/2023) eta, azkenik, Maddi Barber.
Hain zuzen, programa honen ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Hinrich Sachs idazle eta artista bisualak hautatu du Maddi Barber hurrengo urtebetean Museo Bikoitza proiektuan lanean aritzeko. Besteak beste, “2018an egin zituen lehen urrats nazionalak eta nazioartekoak” aintzat hartuta proposatu du Sanchek zinemagile nafarra: “bere narrazio zinematografikoek hasieratik eduki dituzte audientzia handiek ikusteko moduko istorio pertsonal, enpatiko eta liluragarri baten osagai guztiak”.