Philippe Aractingik zuzendutako lanak jaso du Epaimahaiaren Sari Nagusia, Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren 2024ko ekitaldian. Ikus-entzuleek Jesús Carrera: el rojo de Hondarribia (Aitor Baztarrika Oca) pelikula izan dute gogokoen.

Ficab 2024-aurkezpena-zinea

Azaroaren 11tik 16ra bitartean ospatu dute FICAB – Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoa jaialdiaren XXIV. edizioa, eta guztira, 15 herrialdetako 30 film labur eta luze pantailaratu dituzte Sail Ofizialean. Espainiako zein Frantziako estatuetatik edota Italiatik ekarritako ekoizpenak izan dira nagusi, baina Grezia, Brasil zein El Salvadorreko lanak ere erakutsi dituzte.

Erromako Historia eta Arkeologia Eskola Espainiarreko zuzendari Antonio Pizzo izan da XXIV. FICABeko epaimahaiburua, eta kide izan ditu Itziar Vergara (familia medikua eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko zuzendari zientifikoa), Mattin Aiestaran (historialaria, Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoa eta Irulegiko eskua aurkitu zuen lantaldearen arduradura), Vanesa Fernández (EITBko Kultura eta Euskarako zuzendaria) eta Mertxe Urteaga (Arkeologian doktorea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ondare Historiko Artistikoaren eta Artxiboen Zerbitzuko kidea).

Bada, lanak ikusi eta baloratu ostean Liban, Les Secrets Du Royaume De Byblos (Philippe Aractingi) obrari eman diote Epaimahaiaren Sari nagusia: “Gidoiaren, garapen narratiboaren eta edukiarekin batera doazen irudien kalitateagatik eta kategoriagatik. Garai historiko oso berezi bateko aurkikuntza ikusgarri eta bitxia zuzenean jarraitzeko aukera ematen digulako. Eta arkeologo-taldeak nola lan egiten duen gertutik ikusten uzteagatik. Gainera, Libanon gertatzen da, egoera politiko zaila duen herrialde batean, eta deigarria da benetan, halako garrantzi eta kalitate handiko indusketa egin ahal izatea. Azpimarratzekoa da, halaber, Ekialde Hurbileko herrialdea izanik, emakumeek duten presentzia eta erantzunkizuneko karguetan egiten ari diren lana ikustea ere”.

Bestetik, genero ikuspegia sustatzen duen EiTB Sariaren onuradun izan da Terra X – Das Grab Der Schamanin (Christian Stiefenhofer), “ikerketa arkeologikoari esker kontakizun historikoa eraldatzeko egin duen ekarpenagatik”, baita Zientzia Dibulgazioaren Arkeolan Saria ere.

Aldiz, balio pedagogikoak hobekien jasotzen dituen filmari emandako Hezkuntza Sailaren Saria hartu du Diving in Aegean History-k (Stelios Apostilopoulos): “Urpeko arkeologo talde batek, Xanthi Argyris arkeologo emakume baten zuzendaritzapean Kasos irlan garai historiko askotako aztarnen indusketa lanetara murgiltzen gaituelako oso modu didaktikoan, eta lan arkeologiko interesgarriaz gain, eta urpeko arkeologiaren zailtasunak erakusteaz gain, ondarearen zaintzeko egiten duten ahalegina bizi arazten digu, eta bereziki lan taldearen garrantzia eta elkarlanaren baloreak erakusten dituen filma delako “

Azkenik, ikusleen sari bereziarekin aitortu dute Jesús Carrera: el rojo de Hondarribia (Aitor Baztarrika Oca) pelikula.