Andrea Gatopoulos italiarrak zuzenduriko The Eggregores’ Theory lanak eskuratu du ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 66. edizioko Sari Nagusia film laburren kategorian, eta Celeste Rojas Mugica txiletarraren Una sombra oscilante (An Oscillating Shadow) izan da IFF – ZINEBI First Film Nazioarteko Lehiaketaren garaile. Euskal filmei dagokienean, Aitzol Saratxagaren Ehiza lana nagusitu da.
44 herrialdetako 132 film erakutsi dituzte guztira -erdiak baino gehiago estreinaldiak, eta emakumezkoek errealizatutakoak- azaroaren 8tik 15era bitartean ospatu den festibalean, eta lanak bi multzotan banatu dituzte: Sail ofiziala eta bestelako proiekzioak. Lehenari dagokionez, batetik, 101 herrialdetako 51 obra izan dira lehian, eta horien artean euskal zigilua duten seiak: Azkena (Lorea Lyons eta Ane Ines Landeta), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Horizontal (Alex Reynolds), Locas del ático (Tamara García Iglesias), Exergo (Jorge Moneo Quintana) edota Errotatiba (Iratxe Fresneda).
Bada, ondoko epaimahaiarena izan da horiek ikustearen eta baloratzearen adura: Anahí Berneri zuzendari, gidoilari eta zinema ekoizle argentinarra; Esther García Rodríguez Zinematografia Sari Nazionala; Claudius Gentinetta komikigile, animaziozko filmen zuzendari eta diseinatzaile suitzarra; Olatz Ganboa aktore euskalduna; eta Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen Nebojša Slijepeeviere zinemagile kroaziarra.
Honakoa da ebatzi duten palmaresa:
- Sari Nagusia – The Eggregores’ Theory (Andrea Gatopoulos)
- Euskal Zinemaren Sari Nagusia – Ehiza (Aitzol Saratxaga)
- Espainiar Zinemaren Sari Nagusia – Horizontal (Alex Reynolds)
- Fikziozko Film Labur Onenaren Mikeldia – 2006 (Gabriella Choueifaty)
- Aipamen berezia – Morî (Yakup Tekintagaç)
- Film Labur Dokumental Onenaren Mikeldia – Songs of love and hate (Saurav Ghimire)
- Aipamen berezia – The Medallion (Ruth Hunduma)
- Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldia – Ashen Sun (Soleil gris) (Camille Monnier)
- Publikoaren EITB Saria – Bumblebee (Abellón) (Fon Cortizo)
- Cineclub FAS Saria – Los invitados de Amaia (George Todria)
- UNICEF Saria – Campolivar (Alicia Moncholí)
- European Film Awards 2025ko Hautagai Film Laburra – The Eggregores’ Theory (Andrea Gatopoulos)
Bestetik, 9 opera prima hartu ditu ZIFF – ZINEBI Fist Film Nazioarteko Lehiaketak. Teresa Lavina euskal dokumentalistak, Veton Nurkollari DokuFesteko kuradore eta zuzendari artistikoak eta Myriam Tafakory artista bisual eta zinemagile irandarrak osatu dute epaimahaia, eta honakoa ebatzi dute:
- ZIFF Sari Nagusia – Una sombra oscilante (An Oscillating Shadow) (Celeste Rojas Mugica)
- Aipamen berezia – Rising Up at Night (Nelson Makengo)
- ZIFF Gazte Epaimahaiaren Saria (UPV-EHU) – My Stolen Planet (Sayyareye dozdide shodeye man) (Farahnaz Sharifi)
ZINEBI Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak gaur iluntzean emango dio itxiera 66. edizioari, 19:30etatik aurrera Arriaga Antzokian ospatuko den ekitaldian. Epaimahaiek ebatzitako aintzatespenak banatuko dizkiete orduan film labur, film luze eta proiektu sarituei eta, gainera, Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariak Ohorezko Mikeldi saria jasoko du. Ostean, Tasio filmarekin agurtuko dute jaialdia; Armendarizen opera priman aritutakoa da Alcaine.