Manuel Hidalgo gidoilari, idazle eta kazetaria izango da gaur Nafarroako filmategian, Montxo Armendarizen Secretos de Corazón (1997) filmeko hiru protagonista gazteekin batera, erakundeak zinemagilearen omenez antolatu duen atzera begirakoaren baitako emanaldia aurkezten. Filmategian bertan egingo dute proiekzioa, 19:30etik aurrera.
Espainia, 1960ko hamarkada. Probintzietako hiri txiki bat. Javik, bederatzi urte inguruko mutikoak, hiriaren kanpoaldean dagoen etxe zahar batera eramango du bere lagun mina den Carlos. Bertan, Javiren anaia Juanek kontatzen dienez, pasiozko krimen bat jazo zen, eta hildakoen ahotsak entzun daitezke oraindik etxeko sotoan. Hutsik dagoen etxetzarra inguratzen duen misterio bilaketa baten hasiera izango da honakoa, Javiren protagonistaren begiradaren bidez, ezezagunarekiko beldurra eta lilura erakusten dituena. Izan ere, ondorengo gertaerek errealitate bat argitzen diote haurrari, non gezurrek, grinek, maitasunak eta heriotzak bere haur-munduko fantasiak ordezkatuko dituzten.
Ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako hautagaia izan zen Montxo Armendarizen Secretos de Corazón (1997) filma, eta baita 4 Goya sariren irabazlea ere: Taldeko-aktore onenari saria (Charo Lopez); Aktore berri onenari saria (Andoni Erburu); Zuzendaritza-artistiko onenari saria (Felix Murcia) eta Soinu onenarena (Guilles Ortion, Alfonso Pino eta Bela María da Costa). Berlinale jaialdian ere Eropar Film Onenaren Angel Azul sariarekin ohoretu zuten.
Bada, Nafarroako Filmategiak zinemagilearen omenez antolatu duen atzera begirakoaren baitako emanaldia gisa proiektatuko dute gaur, azaroak 15, filmategian bertan. 19:30etik aurrera, Manuel Hidalgo gidoilariak eta filmeko hiru protagonista gazteek parte-hartuko dute saioan filma aurkezteko. Gaurko hitzordura bertaratzerik ez dutenek, datorren azaroaren 22an izango dute bigarren aukera, 17:15etik aurrera emango baitute filma Nafarroako Filmategian ere.
Aurretik, ‘Ikuska 11’ eta ‘Historias del Kronen’
Zinemagilea ohoretzeko bigarren emanaldia izango da honakoa, aurrez, beste bi filmekin gozatzeko aukera izango baita ere: 17:15etik aurrera, Nafarroako Erribera zeharkatzen duen Ikuska 11 (1981) laburra eta Historias del Kronen (1991) film luzea izango dira ikusgai.
Montxo Armendariz ohoretzeko zikloaren inguruko xehetasunak eta emanaldietarako sarreren salmenta, HEMEN.