ZINEBI Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak gaur iluntzean emango dio itxiera 66. edizioari, 19:30etatik aurrera Arriaga Antzokian ospatuko den ekitaldian. Epaimahaiek ebatzitako aintzatespenak banatuko dizkiete orduan film labur, film luze eta proiektu sarituei eta, gainera, Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariak Ohorezko Mikeldi saria jasoko du.
2024ko edizioan bi Ohorezko Mikeldi Sari banatuko ditu ZINEBIK. Laura Poitras zinemagile estatubatuarrak irekiera-galan jasoko du berea; aldiz, Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariarentzat izango da bigarrena. Arriaga Antzokian egingo duten amaiera-galan emango diote, eta ostean, Tasio filmarekin agurtuko dute jaialdia. Hain zuzen ere, Armendarizen opera priman aritutakoa da Alcaine.
Tetuanen (Maroko) jaio zen 1938an. Madrilgo Zinematografia Eskola Ofizialean ikasi zuen eta han hasi zen zinematografiaren artean trebatzen. Bere irudiarekiko grina txikitatik izan zen agerikoa, eta bere talentuak laster eraman zuen ibilbide emankor baten preludioa izango ziren proiektuetan laguntzera.
Hala, pertsonaien xehetasun emozionalak eta psikologikoak argazkiaren bidez nabarmentzeko duen maisutasunagatik izan da goraipatua José Luis Alcaineren estiloa, baita atmosfera iradokitzaileak sortzeko eta argia elementu narratibo bihurtzeko duen gaitasunagatik ere. Urte luzeko ibilbidean, hamaika izan dira lankide izan dituen lehen mailako zinemagileak: Brian de Palma, Alberto Lattuada, Umberto Lenzi, Manuel Mur Oti edo Francisco Regueiro, besteak beste. Bere ibilbidean zehar lortutako emaitza bikainez gain, bere lanbidea zinemaren historiari buruzko azterketa eta hausnarketarekin uztartzen jakin du ere.
Hala, ez dira gutxi izan bueltan jaso dituen sari eta aintzatespenak, besteak beste, bost Goya sari, Europako Zinema Akademiako argazki-zuzendaritza onenaren saria eta A kategoriako Locarnoko Zinemaldiko Vision Award saria.
Ohorezko Mikeldi saria eta Tasio filmaren emanaldia
Bada, arestian aipatu bezala, Alcaineren lana omentzeko, ZINEBIk Ohorezko Mikeldi saria eman eta Tasio (1984) film luzea proiektatuko du 66. edizioari amaiera emango dion ekitaldiaren baitan. Elías Querejetak 1984an ekoitzitako eta Montxo Armendarizek zuzendutako film luzea, Euskadiko Filmategiak Boloniako Zinetekaren mendeko L’Immagine Ritrovata laborategietan zaharberritu berri du. Canneseko Zinemaldiko Classics sailean berrestreinatu eta Klasikoak Donostia Zinemaldian egon ondoren iritsiko da filma Bilbora.