Zuzendari berriarekin ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak tinko eutsi dio bere jatorrizko programazio ildoari. Hiru hamarkadaren ostean bueltan da Joseba Lopezortega, eta haren gidaritzapean oraindik festibalak zein norabide hartuko duen (hartuko baldin badu) ikusteke badago ere, 66. edizio honetan bilbotarraren itzulerak jarraikortasuna bermatu du.

Nazioarteko film labur onenen erakusleiho da ZINEBI, bertan lehiatzen baitituzte aurretik ospatu diren zinemaldietako zein estreinaldiak diren lan esanguratsu eta deigarrienak. Baina iraupen luzeko obren babesgune ere bada, zirkuitu komertzialetan tokirik eta onarpenik ez duten ez-fikziozkoak aldarrikatzeko espazioa. Munduko panoramaren lagin interesgarria dakarkie hiritarrei, molde klasiko eta lengoaia kanonikoetatik aldendu eta ausardia estetikoa lehenesten duten proiektu iradokitzaileak ezagutzeko parada emanez.

Gertukoak dira aurten ikusgai izan ditugun zenbait lan, izan ekoizpen euskal herritarra dutelako, edo iraila bukaeran egin den 72. Donostia Zinemaldian parte hartzetik datozelako. Hain zuzen ere, Urrezko Maskorra irabazi berri duen TARDES DE SOLEDAD polemikoak piztu du ikusmina, Albert Serra zinemagile kataluniar batere diskretoak tauromakiaren inguruan ondutako pelikulak. Film deserosoa da, desatsegina, baina eszenaratzeari dagokionez sortzailearen aurreko filmekin erabat sinergian dagoena.

Argiak itzaltzearekin batera eztanda egingo digu buruak. Zezen baten hilketa. Beste bat, gero berriro, eta horrela bi ordu luzez. Tauromakia ez da gai erraz bat. Serrak berau jorratzeko bidea ezta. Zinemaren baliabideen gaineko hausnarketa linguistikoa planteatuko du kataluniarrak. Zezenak, toreroak, odola, performance-a, biolentzia… kataluniarrarentzako aitzakia dira, gustatu ala ez. Inoiz ikusi gabekoa erakutsiko du sortzaileak, barru-barrutik; erromantizazioa saihestea ia ezinezkoa egingo zaio, baina ez du praktika goratuko.

Kamera baliatuz, giza-begiak ikusten ez duena bilatu nahi du Serrak, tresna egokia da horretarako. Aurreikusitako gidoi itxirik gabe, filmaketa orduak pilatu, eta muntaketa gelan eman die forma atmosfera, erritual, begirada gurutzatu eta toreroen arteko sinergiari. Andrés Roca Rey eta haren kuadrilla ezagutuko ditugu, mundu ‘fantastiko’ batean murgilduta, eta unean sortutako zorizko momentuak, inpultsoak, posibilitateak dira bihotza.

Adierazkortasunaren edertasunean jarri du fokua sortzaileak. Zinemaren zerbitzura, eta ez tauromakiarenera. Zezenketetan ezkutatutako mikrofonoekin, eta gerora eraikitako soinu-paisaia batere errealistarekin, kamera mugimendu eta angelu bortitzekin praktika errepikakorra guztiz abstraktu bihurtuko du.

Donostia Zinemaldian bertan lehiatu da Beautiful Docs atalean proiektatu duten ERREPLIKA ere, elkarri lotutako hiru ildo narratibo baina ideia bakar batean oinarritutakoa: hutsuneak. Pello Gutierrezek ausentziari kontzeptuala ondu du, ‘eza’-ren izaera emozional, fisiko eta kolektiboa aztergai duena. Aitaren heriotzak etxean eta beregan utzitako zuloa abiapuntu, hutsuneek ezkutatzen dituzten ametsak eta esleitutako esanahiak izan ditu donostiarrak saiakera filmiko honetan ardatz. Euskal zinemagintzako izen handi bati egindako omenaldi sentikor bezain pertsonala izaki -Juanmi Guiterrez, aita-, semeak haren tonu esperimental eta askeari fidel uztartu ditu aitaren bobina zaharretatik berreskuratutako filmaketak, gutun, berri-paper eta testigantzak, zein lekukoen oroitzapenak.

ERREPLIKA-k beregain du zinema-hizkuntzari buruzko gogoeta ere. Irudiek osatzen dituzte planoak, sekuentziak, filmak. Eta zein aukeratu, zein baztertu, da zinemagile ororen betekizuna. Aitarena zen muntaketa-mahaia erakutsiko digu Gutierrezek, gela horretantxe bertan emango die forma eskuartean dituen (eta batez ere, ez dituen) irudiei. Horiek zer diote? Nola interpretatu eta irakurri? Erantzunik ez duten galderen bilaketa konstante bat da Gutierrezen obra, irtenbiderik gabeko zurrunbiloa, etengabe agertuko diren hutsuneen segida. Eta,  horiek ordezkatzeko errepliken inguruko hausnarketa.

ZINEBIn ikusi dugu ere -Bertako Begiradak sailean-, urte luzez jaialdiko zuzendari izandako Ernesto del Río zinemagile bilbotarrak zuzendutako EZER EMATEN EZ DIZUN MUNDU HORI proposamen hibridoa. Inongo finantziazio publiko eta pribaturik gabe atera du filma aurrera, festibaleko kide eta lagun dituenekin batera. Lanak zinemaldi donostiarreko Zinemira atalean izan zuen mundu mailako estreinaldia.

70eko hamarkadaz geroztik Habanan (Kuba) hartutako eta gaur arte gordeta izandako irudiei forma eta egitura eman die zuzendariak; orduan baztertutakoak berreskuratu eta lehengai bilakatu ditu, asmatutako narrazio baten bueltan zentzuz kohesionatzeko. Habanan Super 8 kamerarekin filmatutako materialaren kontrapuntua dira Bilboko pasarte eguneratuak, eta batzuek Bernardo eta Esperanzaren (ez)maitasun harremana kontatuko diguten bitartean, besteek, Cristina gaztearen biziraupen saiakeran murgilduko gaituzte.

Bada, hainbeste maite dituen eta ezin hobeto ezagutzen dituen bi hirion arteko zubia eraiki du Del Ríok, horiek sekula idealizatu edota edertu gabe, gainera. Eta noski, bertako biztanleei, istorioei eta historiei omenaldi gisara. Pelikula inprobisatua dela esan daiteke, muntaketa gelan jaiotakoa, eta off ahots narratzaile batek gidatutakoa. Inspirazio literarioagoa du, zinematografikoa baino, eleberri baten kontaketaren tankera hartuko baitu berariaz. Fikzioa eta dokumentala era naturalean uztartuz, bi hiri eta bi belaunaldi erretratatuko dizkigu, oso modu partikular eta zintzoan harilkatutakoak.

Aldiz, Mexikotik eta Frantziatik datoz film dokumentalen munduko panoramari errepasoa ematen dioten beste bi proiektu esanguratsuenak. Lehenak –UNE FAMILLE (Christine Angot)-, Berlinale jaialdiko Encounters sailean ikusi zuen argia; bigarrenak –(REVOLUCIÓN, CUMPLE TU PROMESA) AMOR ROJO (Dora García)- Visions du Réel hitzordu suitzarrean izan du aurkezpena. 

Angoten lanari erreparatuz, bere idatzizko obra guztiarekin sinergian datorren filma ekarri du. Aitarengandik jasandako bortxaketei erantzuna bilatu nahian, senideengana joko du. Amarengana, amaordearengana, alabarengana, bikotekide ohiarengana. Gaur arte itxita izan dituen ateak irekiko ditu, eta dizkigu, idatziz bai, jorratu izan baitu lehendik ere gaia; hitz egitea falta zaiola dio orain, zauriak hor dirau, eta kamera eskuetan hartuta intimitatera barne bidaia proposatuko digu.

13 urte besterik ez zituenean ezagutu zuen Angotek bere aita, duela 50 urte. Eta enkontru hark bizitza erabat aldatu zion. Bada, UNE FAMILLE lanak jasandako eta sufritutako minaren inguruan hausnartuko du, isiltasuna behingoz ahoz goran egindako ohia bilakatu dadin. Bortitza da filma, krudela.

Bestetik, Alexandra Kollontai idazle eta diplomatiko sobietarrak queer mugimenduan, eta batez ere, Mexikon izan zuen eragina aztertuko du, maila pribatuan zein kolektiboan. Emakumeen sexualitateari eta emantzipazioari buruz, familiaren abolizioari buruz eta “bihotzak eta buruak aldatzeko” beharrari buruzko egindako idazkiak irakurriko zaizkigu. Zuhaitz bereko bi adar bailiran lez, Garcíak kalera jaitsiko ditu testuotako aplikazio garaikideak, hala, (REVOLUCIÓN, CUMPLE TU PROMESA) AMOR ROJO filmak herriari ahotsa emanez, Latino Amerikako protesta feministak filmatu horien gorakada, beharra eta zilegitasuna izango ditu aldarri.