Filma zinema-aretoetan estreinatu eta lau hamarkada geroago, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Imanol Uribe zinemagile bizkaitarraren fikziozko bigarren film luzea berreskuratuko du bere 66. edizioan. Gaur, azaroaren 14an, 19:00etatik aurrera Guggenheim Museoan.

ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko arduradunek orain dela hilabete inguru argitu iragarri zuten euskal zinemaren bi klasiko pantailaratuko zituztela 66. Edizioan: 1984an aurkeztu zituztenetik lau hamarkada bete dituzte Mikelen heriotza (Imanol Uribe) eta Tasio (Montxo Armendariz) lanek, hain zuzen.

San Salvadorren jaiotako eta Ohorezko Mikeldiarekin omendutako Imanol Uribe zinemagile bizkaitarraren Mikelen heriotza (1984) fikziozko bigarren film luzea gaur, azaroaren 14a, emango dute, 19:00etan, Guggenheim Museoak hartuko duen emanaldi berezian.

Lekeition girotuta, farmazialari baten istorioa kontatu zuen Uribek. Bere emaztearekiko harremanak okerrera egin du, indarkeriara ere iritsiz. Egun batean, Bilboko dantzaleku batera joango da, Fama trabesti ospetsu bat ezagutu eta harekin harreman sentimental bat hasiz. Mikel egoera bitxian hiltzen denean, bere kide abertzaleak bere heriotzari etekin politikoa ateratzen saiatuko dira.

KRITIKA | Mikelen heriotza (Imanol Uribe, 1984)

Filmaren proiekzioarekin lotuta, azaroaren 12an, La muerte de Mikel desde una perspectiva queer klase magistrala eskainiko zuen Alaitz Arenzana ZINEGOAK jaialdiko zuzendari artistikoak, Begoña del Teso kazetari eta idazleak eta Emilio Papamija ODAko (Ikus-Entzunezko Baliabideen Aniztasunaren Behatokia) Ikerketa zuzendari eta Trans ordezkaritzako zuzendariak. Saioa ZINEBI Networking programaren baitan antolatu zuten, Bilboko AS Fabrik Chamber aretoan.

Bertan, filmaren berrikuspena proposatuko zuten, betiere, begirada queer-etik abiatuta. Hura sortu zen testuingurua eta sozialki suposatu zuena aztertuz, eta, aldi berean, sexu-, identitate- eta genero-aniztasuna ikus-entzunezko garaikidean sartzearen eraldaketari buruz hausnartuz, ikuspegi intersekzionalarekin.

José Luis Alcaine, Ohorezko Mikeldia, eta Tasio

2024ko edizioan bi Ohorezko Mikeldi Sari banatuko ditu ZINEBIK. Laura Poitras zinemagile estatubatuarrak irekiera-galan jasoko du berea; aldiz, Jose Luis Alcaine argazki-zuzendariarentzat izango da bigarrena. Azaroaren 15ean, ostiralean, 19:30etik aurrera Arriaga Antzokian egingo duten amaiera-galan emango diote, eta ostean, Tasio filmarekin agurtuko dute jaialdia,. Hain zuzen ere, Armendarizen opera priman aritutakoa da Alcaine.

Donostia Zinemaldian estreinatu zela 40 urte bete diren honetan, TASIO filma ‘klasiko’ izendapenarekin berriz eman dute hirian, irailean. Euskadiko Filmategiak zaharberritu du Boloniako L’immagine Ritrovata laborategian (Bolonia), eta nazioarteko zinema jaialdietan ari dira erakusten, 4K kopiarekin. Cannesko zinema-jaialdiko Cannes Classics-en, Boloniako Cinema Ritrovato-n eta Lyongo Lumière jaialdian erakutsi dute, eta 2025ean Ipar Euskal Herriko zein Frantziako zinema aretoetan egongo da ikusgai.

Tasioren bizitza irudikatzen du filmak. Lokiz mendilerroan (Nafarroa) dagoen herri txiki bateko mutikoa da; zortzi urterekin hasten da mendiko lanetan, baina bizilagun askok lan finkoaren bila hirira alde egin arren, Tasiok nahiago du bere askatasunari eutsi eta mendian bizi. Anastasio Ochoa Ruiz ikazkin eta isileko ehiztariaren bizitza du oinarri filmak.

KRITIKA | Tasio (Montxo Armendariz, 1984)