‘Nola heldu fikzioen eduki intimoari modu seguru eta sortzailean’ izeneko klase magistrala eskainiko du Graciela Doniz intimitate koordinatzaileak Nafarroako PIXELIAN zinema eskolan. Azaroaren 26an, asteartean, 18:00etatik aurrera.

Zer egiten du intimitate-koordinatzaile batek? Zergatik bilakatu da ezinbestekoa haren figura zinemagintza garaikidean? Ohiko praktika bilakatu da filmak promozionatzeko egiten diren prentsa agerraldietan kazetariek aktoreei eszena konkretu baten inguruan galdekatzea: Nola sentitu zinen halako eszena esplizitu bat filmatzen? Nola prestatu zenuen? Bada, lanketa horren ardura dauka errodaje bateko intimitate-koordinatzaileak.

Hala, langintza honen oinarrietara hurbiltzea izango da ikus-entzunezko interpretazio, zuzendaritza eta produkzioko profesionalei zuzenduriko klase magistral honen helburua: Zer da eszena intimo bat? Nola sortu zen figura hori? Zer nazioarteko protokolo daude lan horri aurre egiteko? Nola ulertzen da onarpena ikus-entzunezko fikzioan?

Graciela Doniz intimitate koordinatzailearen gidaritzapean, eszena intimoak errodatzerako orduan landu beharreko prozesuak partekatuko dira hitzorduan, eta baita eduki horiei modu seguru eta sortzailean nola heldu ikus-entzunezko produkzio baten faseetan. Gainera, aukera bikaina izango da ikus-entzunezkoaren arloan ere onarpenaren kontzeptua birpentsatzeko eta fikzioan intimitatearen eta gorputzen irudikapen hegemonikora hurbiltzeko.

Azaroaren 26an, asteartean, egingo dute saioa, 18:00etatik aurrera, Nafarroako PIXELIAN – Zinema eta Arte Bisualeko Eskolan. Parte-hartu nahi dutenek esteka honetan eman dezakete izena.