Kristina Zorita EiTBko kazetaria, Miren Iza konpositore eta abeslari ezaguna eta Xabier Erkizia soinu artista, ikertzaile independente, ekoizle artistiko eta komisarioa izango dira 2024ko AMUA musika film laburren jaialdiaren epaimahaikideak. Azaroaren 14tik 16ra bitartean ospatuko dute festibalaren laugarren edizioa, Hondarribian.
Musika eta zinema uztartzen dituen AMUA zinemaldiak bi arteon sinergia indartzen jarraituko du. Laugarrenez ospatuko dute aurten, azaroaren 14an, 15ean eta 16an, eta ohi bezala, zinemagileak, ekoizleak, musikariak, adin guztietako ikus-entzuleak eta zaleak bilduko ditu.
AMUA KLUBAk eta Hondarribiako Udalak antolatutako ekimena da AMUA musika film laburren jaialdia, eta herriko Itsas Etxea Auditoriuma du topagune. Bertan erakutsiko dituzte, hain zuzen ere Sail Ofiziala osatuko duten 12 filmak, tartean, Para Kepa, Ahozko Tradizioa, Errotik edota Erromintxelak-Esperoan euskal ekoizpenak.
Horiek guztiak izango dira Kristina Zorita kazetariak, Miren Iza konpositore eta abeslariak, eta Xabier Erkizia soinu artista, ikerlari eta ekoizleak ebatzitako Lehen (2.000€) eta Bigarren (1.000€) sariak irabazteko hautagaiak, eta baita Ikus-entzuleen aintzatespena (1.000€) eskuratu ahal izango dutenak ere.
Sail Ofizialetik at
Berrikuntza gisa, jaialdiak bi lehiaketa berri jarriko ditu aurten martxan. Batetik, ABL Bideoklip Lehiaketan Euskal Herriko banden lana eta talentua omendu nahi dute, merezi duten ikusgaitasuna lortzeko plataforma izan. Bestetik, AMUA BOTA! musika bideogintzako lehiaketa: Hondarribiko Udaleko gazteria sailarekin lankidetzan, Hondarribiko Bigarren Hezkuntzako 16 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Hain zuzen, ikasleek musika bideosormenari buruzko tailer bat garatu dute urrian zehar, non ikus-entzunezko lan bat egiteko tresnak eta teknikak ezagutzeko aukera izan duten. Bada, bertan sortutakoak AMUA jaialdiaren 4. edizioan erakutsiko dituzte. Hondarribiko Udaleko Kulturako teknikariek osatuko dute epaimahaia eta 500€ edo editatzeko materiala eskainiko dute sari gisa.
Bestelako jarduerak ere hartuko ditu AMUA musika film laburren jaialdiaren laugarren edizioak: Radio 3 kateko El Sótano zuzeneko saioa, Hondarribiko ikasleentzako kontzertu pedagogikoak, musika dokumentalak, binilo azoka eta askoz gehiago.
Ikusi xehetasunak, HEMEN.