20.000 erle espezie film arrakastatsuaren estreinaldia eskainiko du Eusko Telebistaren ETB2ko ‘La Noche De…’ saioak. Estibaliz Urresolak zuzendutako pelikula 22:15etik aurrera izango da ikusgai.
Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako lana, euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dago errodatuta eta, bere aurreko lanetan bezala, gehien bat emakumez osaturiko lan-taldea bildu zuen bertan Urresolak: Patricia Lopez Arnaiz, Sofia Otero, Ane Gabarain eta Itziar Lazkano.
Hiru belaunalditako emakumeek osatutako familia-erlauntza du ardatz: Coco da filmeko protagonista, zortzi urte ditu, eta ez dator bat gainontzekoek berarengandik espero dutenarekin. Ez du ulertzen zergatik. Inguruko guztiek beti Aitor deitzen dioten arren, berak ez du bere burua izen horrekin identifikatzen.
KRITIKA | 20.000 ESPECIES DE ABEJAS: Norbere identitatearen hariak ehuntzen
2023ak eman zuen euskal filmarik arrakastatsuenetarikoa da zinemagile laudioarrarena. Hiru Goya sari eskuratu zituen joan den otsailaren 10ean Valladoliden egindako Espainiako Zinema Akademiaren galan: Jatorrizko gidoiarena eta Zuzendari berri onenarena Estibaliz Urresolarentzat eta taldeko emakumezko aktore onenarena Ane Gabarainentzat. Horrez gain, film dramatiko onenaren Feroz saria eta film onenaren Forqué saria ere bereganatu zituen.
EITBren parte hartzea duen lan honek, halaber, Malagako Zinema jaialdiko Urrezko Biznaga lortu zuen 2023an, eta Patricia López Arnaiz protagonistak Emakumezko aktore onenaren saria. Ezin ahaztu, gainer, Berlinalen gainditutako langa, Sail Ofizialean lehiatu eta, bi sari jasotzeaz gain, Sofía Otero protagonista gazteak Zilarrezko Hartza lortu baitzuen.
Ibilbide komertzialari dagokionean, Hego Euskal Herriko eta Espainiar lurraldeko 100 zinema areto baino gehiagotan estreinatu zen filma 2023ko apirilaren 21ean. Lehenengo asteburuan, 33.500 zinemazalek ikusi zuten.
Bada, Dani Alvarezek aurkezturiko ‘La Noche De…’ saioaren baitan estreinatuko du gaur, 22:15etik aurrera, Euskal Telebistaren ETB2 kateak.