Donostia Zinemaldiaren esparruan, Guadalupe Echevarríak zuzendutako Bideo Jaialdiaren funts dokumentala gehitu dute Zinemaldiaren Artxibora. Osagarri gisa, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasleek ondutako Historiak #11 izeneko testua argitaratu da ere.
Bideo Jaialdiaren funts dokumentala 170 dokumentazio-espedientez osatuta dago, besteak beste, artista, enpresa eta partikularrekin izandako posta-trukea. Hain zuzen, informazio erauntsi hori guztia gehitu dute Artxiboaren katalogora, eta oso-osorik kontsultatu daiteke jada. Funts horren osagarri gisa, gainera, Donostia Zinemaldiaren artxibo historikoaren webgunean Historiak #11 izeneko testu bat argitaratu dute ere, 1982tik 1984ra, Guadalupe Echevarríak zuzendutako ekimen aitzindari hori taxutu zuten erabakiak eta kuradoretza-proposamenak xehatzen dituena.
Besteak beste, Echevarríak Luis Gascari –Zinemaldiaren orduko zuzendariari– 1982ko martxoaren 2an helarazitako paper moreko gutuna barne hartzen du funts dokumentalak. Gutun horretan, “Zinemaldian bideo-erakusketa bat egitea” proposatzen zion Gascari, Cannes eta Veneziako zinema-jaialdietan esperientzia horrek “arrakasta handia” izan baitzuen. Eskutitzak Espainiako ekimenaren izaera berritzailea azpimarratzen du, ekitaldi gisa, Espainian; izan ere, Espainiako Estatuan jada egiten ziren bideo-erakusketak, baina artean ez zegoen jaialdi-itxurarekin egituratutako erakusketarik.
Funts dokumental horren inguruan argitaratutako hirugarren hurbilketa teorikoa litzateke honakoa, Claudia Zegarrak eta Rodrigo García Fernández-Palomerok –Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) Komisariotzaren laugarren promozioko ikasleek– abiaturikoa. Izan ere, lehen urratsak eman zituzten Zegarrak eta Garcíak funtsa ikuskatzen eta katalogatzen, eta Artxiboko lantaldeak amaitu du lan hori.
Hala, EQZEko ikasleek garatutako ikerketan hainbat gai jorratzen dira, hala nola 80ko hamarkadan bideo-kuradoretzarekin lotuta zeuden erronkak, Donostiako Bideo Jaialdiko laguntzaile gisa izandako esperientzia, garai hartan sortutako komunitate-sentimendua eta ikus-entzunezko sistema horrek 1970eko hamarkadako mugimendu feministarekin izan zuen harremana.
Nola ikusi daiteke?
Dokumentu-funtsera gerturatzeko, nahikoa da Artxiboaren bilaketa aurreratura sartzea eta Bideo Jaialdiaren Funtsean klik egitea. 170 espedienteko zerrenda bat zabalduko da orduan; zerrenda horretan, edukia zehatz-mehatz deskribatuko da: gutunak, prentsa-aipamenak, argitalpenak, beste erakunde batzuen esku-programak, programaren kudeaketa ekonomikoaren trazuak eta ekimen aitzindari horretako parte-hartzaileek bidalitako arte-sorkuntzen bolumen handia (collageak, postalak, argazkiak, etab.).
Behin dokumentazio hori katalogoan sartuta, funtsa aurrez aurre ere kontsultatu ahal da azaroaren 11tik aurrera.