Hiri buruzagian emango dute Negu Hurbilak (2024), filma bertan estreinatu eta bederatzi hilabetera. Oraingoan, Hizkuntza Eskolako areto nagusian emango dute doan, azaroaren 14an, osteguna, 19:00etatik aurrera.

Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko lana da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du: ETAk jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri du. Emakumezko gazte bat ihesi doa helburu argi batekin: muga zeharkatzea, bai baitaki hala etxetik urrundu ahal izango dela, jaioterrian ez baitago seguru. Ihesean doala, Zubieta herrira iritsiko da. Mugako herri horretan, antzinako mitoek eta gaur egungo konfliktoek bat egiten dute, antza. Herriko etxe bateko ganbaran ezkutatuta, harria bezain mugigaitza den hango egunerokotasuna ezagutuko du. Denbora igaro ahala, egunak gau eta gauak egun bihurtzen diren leku horretan, gaztearen ihesaldia gero eta korapilatsuagoa bilakatuko da.

KRITIKA | NEGU HURBILAK: Bakardade-min isila, lainopeko labirintoan

Zubietan (Nafarroa) burutu zituzten errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak – Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban- aritu ziren antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur  da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.

Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék, Xalba Ramirezek eta Adrià Rocak idatzia; Albite bera eta Edu V. Romero arduratu dira edizio lanez. Javi Sevak egin ditu argazki-zuzendaritza lanak, eta Justina Monserrat aritu da arte-zuzendari. Maluta* Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Katalanak) ekoiztetxeen babesarekin.

Locarnoko 76. Zinemaldian izan zuen Negu hurbilak  filmak mundu mailako estreinaldia,  Cineasti del Presente sailean, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen.  Ostean, SEMINCI Valladolideko Nazioarteko Zinema Astean izan zuen agertoki  lanak, eta Márgenes – Madrilgo Nazioarteko Zinemaldian lehiatu zen ere, Epaimahai Gaztearen Saria lortuz. Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko herri ugaritan otsailaren 23an estreinatu ostean, Negu Kolektiboaren filma herriz herriko zirkuituan aritu da hilabeteotan.

Emanaldia, Iruñeko Hizkuntza Eskolan

Bada, estreinalditik bederatzi hilabete igaro direnean itzuliko da filma zirkuitu komertzialaren hasiera puntua izan zen Iruñeara. Karrikiri Euskaltzaleen Elkarteak atonduriko emanaldia izango da, azaroaren 14an, Hizkuntza Eskolako areto nagusian egingo dutena. 19:00etan abiatuko da saioa, eta, proiekzioaz gain, Mikel Ibarguren eta Ekain Albite zuzendariekin eta Ritxi Lizartza ekoizlearekin solasean aritzeko tartea ere izango da.