Abenduaren 6tik 15era ospatuko da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia, inoizko oparoena, 49 filmen emanaldiak hartuko dituena. Gaur, azaroaren 11n, egingo dute publiko programazioa, eta baita sarreren salmenta abiatu ere.
226 pelikula inskribatu dira aurten Mendi Filmen. Sekula eman den kopuru handiena da honakoa, orain arteko 17 edizioetan oparoena. Hala, horien arteko 49 pelikula proiektatuko dira aurtengo BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldian. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten pelikulak dira, guztiak produkzio berriak, gehienera jota 2 urte baino ez dituztenak.
Mendi Film nazioarteko jaialdi erreferentea dela berretsiz, hainbat herrialdetako ekoizpenak daude hautatuen artean: Euskal Herritarak, noski, eta baita Espainia, Frantzia, AEB, Italia, Austria, Erresuma Batua , Eslovenia, Kanada, Suitza eta Norvegia aldetik etorritakoak. Koprodukzioak ere dezente dira: AEB-Belgika, AEB-Kanada (1), Suitza-Italia, Suitza-Polonia, Txile-Argentina. Batak zein besteak, jaialdiko Sail Ofizialean edota Zabalandi atalean izango dira ikusga.
Hala, Sail Ofizialean, palmareseko sariak eskuratzeko lehian, 40 pelikulek hartuko dute parte. 24.800 euro banatuko dira 12 saritan, eta honakoek osatuko dute horiek ebazteaz arduratuko den epaimahaia: Michael Dillon, zinemagile australiarra; Joni Cooper, Banff edota Doxa-Vancouver zinema jaialdietako zuzendari izandakoa; Oscar Gogorza, kazetari eta mendi gidari euskal herritarra; Toon Hezemans, Dutch Mountain Film Festivaleko zuzendaria; Haizea Huegun, musika konposatzaile euskal herritarra.
Era berean, Zabalandi sailari dagokionez, lehiaz kanpoko 9 pelikula aurkeztuko dira. Tartean, iaz Mendi Film Beka jaso zuen Peligro. No asomarse, aurtengo IAMF Sari Nagusia jaso duen Renan Ozturk zinegilearen The Ghosts Above, SOS Himalaya Fundazioak babestutako Moving Himalayas, edota Hasiera Ekitaldirako programatutako Nuptse. L’Inaccessible absolu.
Ikusi 49 film parte-hartzaileen zerrenda xehe, HEMEN.
Sarrera salmenta, azaroaren 11n
Egunez eguneko programazioa astelehenean, azaroaren 11n, publikatuko da zinemaldiaren webgunean, eta sarrera salmenta ere egun horretan bertan aktibatuko da goizeko 10:00etan.
Ohi bezala, emanaldiak Bilboko Euskalduna Jauregian eta Sala BBKn egingo dituzte, eta sarrera salmentan deskontuak eskainiko dira egoitza bakoitzerako: 5etik 7 saiotara bitarteko sarrerak eskuratuz gero, %20ko deskontua izango du erosleak; eta 8 saiotarako edo gehiagotarako sarrerak eskuratuz gero, %30eko beherapena.
Mendi Tour zikloaren emanaldi berriak
Programazio ofizialaz harago, martxan dira ere Mendi Tour ziklo ibiltariaren emanaldiak. BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioko pelikula arrakastatsuenekin gozatzeko azken aukerak izango dira Euskal Herriko eta Espainiako lurraldeko hainbat herritan egingo dituzten azken emanaldiak.
- Azaroak 12 – BASAURI – Social Antzokia, 19:30etan
- Azaroak 14 – OÑATI – Zinema aretoa, 19:30etab
- Azaroak 19 – ANDOAIN – Bastero Kulturgunea, 19:00etan