Eneko Sagardoyk zuzendutako lana zerrendan ageri den euskara hutsean errodatutako bakarra da. 30. edizioko sari-banaketa ekitaldia abenduaren 14an egingo dute, Madrilgo IFEMA jauregian.

Betiko gauak forque sariak-zinea

EGEDA Ikus-entzunezko Ekoizleen Eskubideak Kudeatzeko Erakundeak 1996az geroztik ematen ditu Jose María Forqué sariak, balore tekniko eta artistiko esanguratsuenak dituzten filmak saritzeko eta Espainiako ikus-entzunezkoak ezagutarazteko helburua duten garaikurrak. Abenduaren 14an egingo dute 30. edizioa, eta hamar kategorietan aitortzak jasotzeko aukerak dituzten film eta aktoreen berri eman dute dagoeneko. Zerrendetan euskara hutsean errodatutako lan bakarra ageri da: Eneko Sagardoyk zuzendutako Betiko gaua film laburra.

Hain zuzen ere, film labur onenaren kategorian sartu dute Sumendi Film, Galapan eta Ikusgarri Films ekoiztetxeen babesa duen obra. Nerea Ibarzabalen gidoia dauka proiektuak, eta  punta-puntako aktore-taldeak parte hartu du: Elena Irureta eta Miren Gaztañaga. Ama-alabaren roletan, batak bestea jarraituko du errepidean zehar, eta autoak gasolindegi batean geldituko direnean iradokiko zaigu ihesaren zergatia. Betiko gauak lehiakide izango ditu Evanescente (Gala Gracia eta Guillermo Garavito) eta La gran obra (Álex Lora) film laburrak.

Gainerakoan, ekoizpen euskal herritarra duten La infiltrada (Arantxa Echevarria), Chaplin. Espíritu gitano (Carmen Chaplin) fikziozko film luze eta film luze dokumental onenen sailetan dira hautagaiak, hurrenez hurren. Echevarriaren lana, gainera, Hezkuntza eta Baloreak Zineman atalean ere sartu dute, Soy Nevenka (Iciar Bollain) pelikularekin batera.

Urteak eman duen emaria saritzen dute ekoizleek Forqué Sarieetan, eta izendapenak ezagun egin eta berehala harrabotsa sortu du Veneziako Mostran gailendu den La habitación de al lado (Pedro Almodovar) pelikula inon ageri ez dela jakiteak. 30. edizioan Urrezko Lehoi berrienak ez du tokirik izan. Bai ordea, proposamen ausartago eta askeagoa dakarten La estrella azul (Javier Macipe), Segundo premio (Isaki Lacuesta eta Pol Rodruiguez) edota La guitarra flamenca de Yerai Cortés (Antón Álvarez) lanek.

Aktore onenen kategorian, La infiltradan parte hartu duen Carolina Yuste espainiarrak Patricia López Arnaiz (Los destellos, Pilar Palomero) izango du, besteak beste, aurkari. Gizonezkoen kasuan, Palomeroren lanean aritu den Antonio de la Torrerekin batera izendapena lortu du Aitor Arregi eta Jon Garañoren Marco lanean ikusiko dugun Edurad Fernándezek.

Pantaila txikian

Cristobal Balentziaga (Getaria, 1895 – Javea, 1972) jostun getariarrari buruzko Balenziaga telesaila aurkeztu dute moriartitarrek aurten, eta urteko ekoizpen onena izenda dezakete Forqué sarietan. Ez da parte hartze euskal herritarra izango duen proiektu bakarra izango ordea, izan ere, Donostia Zinemaldian estreinatu zen Querer lana ere hautagaia baita. Alauda Ruiz de Azúak zuzendutako obrak 30 urte ezkonduta eman ondoren senarra utzi eta behin eta berriz bortxatzeagatik salatuko duen emakume baten istorioa kontatzen du.

Jostun getariarra interpretatu duen Alberto San Juan gizonezko aktore onenaren zerrendan ageri da, eta Querer-eko bikote protagonistak – Pedro Casablanc eta Nagore Aranburu– ere izendapena lortu du.

Ezagutu 30. Forqué sarien hautagaien zerrenda osoa, hemen.