Irekiera-ekitaldia 19:30ean hasiko da, Bilboko Arriaga Antzokian. Laura Poitras zinemagile estatubatuarrak Ohorezko Mikeldi Sarietako lehena jasoko du.

Laura-Poitras-zinebi-zinea.jpg

Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan arituko diren sei ekoizpen euskal herritarrak pantailaratuz abiatuko dute, gaur, ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 66. edizioa, Joseba Lopezortegaren bigarren aroko lehena. Irekiera-ekitaldia 19:30ean hasiko da, Arriaga Antzokian, eta La Dramática Errantek (Ane Pikaza eta María Goiricelaya) hirugarrenez zuzenduko du.

44 herrialdetako 132 film erakutsiko dituzte guztira -erdiak baino gehiago estreinaldiak, eta emakumezkoek errealizatutakoak- azaroaren 15era bitartean ospatuko den festibalean, eta lanak bi multzotan banatu dituzte: Sail ofiziala eta bestelako proiekzioak. Lehenari dagokionez, batetik, 101 herrialdetako 51 obra izango dira lehian, eta horien artean dira gaur ikusgai izango diren seiak: Azkena (Lorea Lyons eta Ane Ines Landeta), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Horizontal (Alex Reynolds), Locas del ático (Tamara García Iglesias), Exergo (Jorge Moneo Quintada) edota Errotatiba (Iratxe Fresneda).

Horiek ikusi eta baloratzeaz ondoko epaimahaia arduratuko da: Anahí Berneri zuzendari, gidoilari eta zinema ekoizle argentinarra; Esther García Rodríguez Zinematografia Sari Nazionala; Claudius Gentinetta komikigile, animaziozko filmen zuzendari eta diseinatzaile suitzarra; Olatz Ganboa aktore euskalduna; eta Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen Nebojša Slijepeeviere zinemagile kroaziarra.

Gainera, sariok irabazteko hautagaiak izango dira:  ZINEBI Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari nagusia (6.000 euro), Fikziozkoko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro), Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro), Dokumental Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro), EiTB Publikoaren Saria (3.000 euro), FAS Zineklub Saria (2.000 euro) eta Unicef saria (diru-ekarpenik gabekoa).

Ohorezko Mikeldi Saria: Laura Poitras

Euskal film laburrak pantailaratu aurretik, aurtengo edizioko lehenengo Ohorezko Mikeldi Saria banatuko dute. Laura Poitras zinemagile estatubatuarrak jasoko du, “justizia sozialarekin eta herritarren eskubide eta askatasunen defentsarekin duen konpromiso irmoagatik, lan zinematografiko zorrotz batean adierazia, askotan irudikorra, zeinean lortu baitu, estilo narratibo intimo batetik, gure agintariei eska dakizkiekeen printzipio demokratikoak eta gardentasunekoak aldarrikatzea”.

Gainera, hark zuzendu eta Veneziako Zinemaldian Urrezko Lehoia irabazi zuen All the Beauty and the Bloodhsed (2022) Guggenheim Museoan emango dute bihar, 18:00etan. Hilaren 13an, aldiz, Oscar saria irabazi zuen Citizenfour (2014) egongo da ikusgai, ordu eta toki berean.

Ezagutu 66. ZINEBI jaialdiari buruzko xehetasunak, jarraian.