Fermin Muguruza musikagile eta zinemagileak zuzendutako animaziozko Black is Beltza II: Ainhoa (2022) film luzea gehitu du katalogora aste honetan Euskal Telebistaren PRIMERAN plataformak. FILMIN espainiarraren eskaintzan aurki daiteke ere.

70. Donostia Zinemaldiko Belodromoan argia ikusi ostean, 2022ko irailaren 30ean iritsi zen Black is Beltza II: Ainhoa filma Hego Euskal Herriko areto komertzialetara, eta ordutik ikus-entzule andana bildu ditu. Herriz herri ere aritu dira proiektua aurkezten, eta oraindik ere ikusi ez duenik bada, sarean izango du aukera.

Isa Campo gidoilariak eta Harkaitz Cano idazleak idatzi dute istorioa, eta Imanol Zinkunegi izan da animazio zuzendaria. Beñat Beitia arduratu da arte zuzendaritzaz eta Marina Omedes zein Karin de Krook lan egin dute Bartzelonako estudioetan. Josep Homsek sortu ditu 2D eta 3D diseinuak, eta Talka Records Filmesk ekoiztu du. Ariadna Gil, Antonio de la Torre, Yashmine Kris, Itziar Ituño, Darko Peric, Gorka Otxoa, Jon Plazaola, Maria Cruickshank eta Ander Lipus dira protagonistei ahotsa jarri dieten aktoreak.

KRITIKA | BLACK IS BELTZA II: AINHOA: Itsaso debekatuetan

Manex Unanueren alaba, Ainhoa, da zen Black is Beltza II: Ainhoa filmeko protagonista eta Gerra Hotzaren amaieran kokatuko da. Lehen filmeko –Black is beltza (2018)- gertakarietatik bi hamarkada beranduago jaio zen alaba La Pazen (Bolivia), eraso parapolizial baten ondorioz Amanda ama hil ondoren. Gaztea Kuban hazi zen eta 1988an, 21 urte zituela, Euskal Herrira joan zen aitaren lurra ezagutzera.

Euskal Herrira egindako bidaia horretan, Azken Guda Dantza emanaldira joateko aukera izango du, Kortatu taldeak eskainitako azken kontzertua. Horrez gain, Josune kazetari konprometitua eta haren adiskideak ezagutuko ditu ere; garaiotako gazte belaunaldian heroinak utzitako arrastoa gertutik bizituko du, eta narkotrafikoak gogor astindutako Kabul, Sobietar Batasuna eta Marsella bezalako helmugak ezagutzeko aukera izango du. Baita heroinak astindutako Euskal Herria ere.