Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako lan berriena ikusi nahi dutenek bi euroko deskontu zuzena izango dute sarreretan. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 18 zinemek eta 77 aretok egin dute bat ekimenarekin.
Gaurko egunez, azaroaren 8an, emango diote hasiera publikoa zire-aretoetara erakartzeko asmoz sustaturiko Bidaiariak, zinemara kanpainaren bederatzigarren edizioari. 2015ean martxan jarro zutenetik, 192.000 ikus-entzulek jaso dute deskontu zuzena, eta 94 film baino gehiagok izan dute laguntza.
Hain zuzen ere, EZAE – Euskadiko Zine Aretoen Elkartearen eta Zineuskadiren arteko hitzarmenak sarrera bakoitzeko bi euroko deskontu zuzena suposatuko du ikusleentzat. Hala, Euskadiko zinema-aretoen elkarteak astero film bat edo bi aukeratuko ditu deskontuaz baliatzeko, batez ere euskal zinemari eta euskarazko zinemari lehentasuna emanez, baina baita film europarrei ere.
Kanpainarekin bat egin duten zinemek automatikoki aplikatuko dituzte deskontuak leihatilan erositako sarreretan, eta zenbaitek online egindako erosketetan ere eskainiko dute beherapena. Euskal estreinaldi arrakastatsuenetako baten iritsiera aprobetxatuz abiatuko dute deskontu-aldia. Hain zuzen, gaur helduko da zinema-aretoetara Marco ekoizpena, Bidaiariak, zinemara kanpaina abiatuko duena; datorren astean Azken erromantikoak (David Perez Sañudo) lanak emango dio jarraipena.
Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako Marco Veneziako Mostran aurkeztu zuten, Orizzonti sailean, eta ostean, 72. Donostia Zinemaldiko perlak saila agurtu zuen. Javier Cercas idazlearen El impostor liburuaren egokitzapena da, Enric Marco Batlle (Bartzelona,1921-2022) CNT sindikatuko idazkari nagusi eta Mauthausengo Amical elkarteko lehendakari izandakoaren historia dakarrena. Eduard Fernandezek interpretatuko du sindikalista kataluniarra, eta Nathalie Poza eta Daniela Brown aktoreak izango ditu aldamenean. Batean zein bestean hitzaldiak ematen aritu zen urte luzez filmeko protagonista, komunikabideetan ere agerraldiak maiz eginez. Nazien kontzentrazio esparruetan preso egon eta nola biziraun zuen kontatzen zuen horietan. Bada, bere biografia asmatu egin zuela eta guztia gezurra zela deskubritu zen gerora.
Moriarti eta Irusoin euskal ekoiztetxeekin batera, Atresmedia Cine, La verdad inventada AIEr eta BTeam Prods aritu dira ekoizpenean. Era berean, azken hau arduratuko da banaketaz. Proiektuak EiTBren, ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren, Atresmediaren eta Movistar Plus+ taldeen parte hartzea du.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 18 zinemek eta 77 aretok egin dute bat kanpainarekin: Donostiako SADE taldeko hiru zinemek: Principe, Antiguo Berri eta Trueba; Areto enpresako sei zinemek: Durangoko Gran Cinema Zugaza, Muskizko Meatzari Aretoa, Getxo Zinemak, Bermeoko Nestor Basterretxea, Mungiako Olalde Aretoa eta Urduliz; Golem Alhóndiga; Bilboko Multicines; Gasteizko Gorbeia eta Florida Zinemak; Errenteriako Niessen Zinemak; eta Hirutek enpresako zinemek: Andoaingo Bastero kulturgunea, Zumarragako Zelai Arizti aretoa, Villabonako Gurea aretoa eta Lazkaoko Areria zinema.