Isabel Herguerak zuzendutako proiektua animaziozko pelikula onenaren kategorian ere sartu dute. Gala abenduaren 7an egingo dute, Luzernan (Suitza).

efa-filmas 2024-zinea

Europako Zinema Akademiak Europako film luze onenaren saria irabazteko behin betiko hautagaien zerrenda argitu du, eta tartean da Isabel Herguerak zuzendutako Sultanaren ametsa filma. Urri hasieran, gainera, animaziozko film onenaren kategorian ere sartu dutela ezagutu genuen.

Abenduaren 7an egingo dute 2024ko European Films Awards sariketaren gala, Luzernan (Suitza), eta beste hamalau ekoizpen izango ditu lehiakide. Besteak beste, The Substance (Colarie Fargeat), La habitación de al lado (Pedro Almodovar), No Other Land (Yuval Abraham, Rachel Szor, Basel Adra eta Hamdan Ballal) edota Emilia Pérez (Jacques Audiard). Bestetik, animaziozko lanen kategoriako hautagai dira ere They Shot The Piano Player (Fernando Trueba eta Javier Mariscal), Sauvages (Claude Barras), Living Large (Kristina Dufkova) eta Flow (Claude Barras) lanak.

Bangladeshko Herri Errepublikan jaiotako Begum Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin bat du Hergueraren opera primak oinarrian. Amets egiteko gai ez den Ines gazte donostiarra da protagonista, ezustean, Sultanaren ametsa liburua topatuko duena, non Emakumeen Lurraldea deskribatzen den. Bertan, emakume guztiak zientzialariak dira eta botere osoa dute, eta gizonak, beren ezjakintasuna dela-eta, etxean giltzapetuta daude. Literatura utopiko feministaren obra klasiko honek eta haren autore Begum Rokeya Hossain idazle eta aktibista musulmanak txundituta, Inesek Indian zeharreko bidaia iniziatiko bati ekingo dio autorearen urratsen atzetik, Emakumeen Lurraldearen bila.

KRITIKA | SULTANAREN AMETSA: Milaka isilune

Zinemagile eta artista bisual donostiarrak hainbat teknika erabiliz sortu zuen lana, akuarelazko 2D edota mehndi estiloak, besteak beste, eta bost hizkuntza (euskara, espainiera, italiera eta Indiako hainbat hizkera) entzuten dira filmak uztartzen dituen hiru istorioetan zehar. Era berean, nabarmentzekoa da lan-taldeko kide gehienak emakumezkoak direla: Miren Arrieta eta Mireia Gabilondo aktoreak eta Mary Beard historialaria, besteak beste. Haiekin batera, Paul B. Preciado filosofoa edota Maurizio Faraoni, Tajdar Junaid soinu bandaren egilea, edota Moushumi Bhowmick poeta bengaliarra.

71. Donostia Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu ostean nazioarteko ibilbide arrakastatsua burutu du Sultanaren ametsak. Besteak beste, Animafest Zagreb jaialdian (Kroazia), Annency Festivalean (Frantzia) eta The Brussels Animation Film Festival jaialdian (Belgika) saritu dute.