Azaroaren 11tik 15era egingo dute, Iruñeko Golem Baiona zinemetan. Eskainiko dituzten filmen artean 16060 egun (Iñaki Alforja eta Iban Toledo, 2024) eta Indarkeriaren Oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte, 2024) euskal ekoizpenak daude.

Mundua eta giza eskubideak 2024-zinea

“Ziklo honek zure sentikortasuna mindu dezakeen istorioak eta bizitzak biltzen ditu. Horregatik da beharrezkoa”. Ohartarazpena XIX. Mundua eta Giza Eskubideak Zinema Erakusketaren kartelean irakur daiteke; IPES Fundazioak, GOLEM zinema, Felipe Rinaldi Fundazioak eta Mugarik Gabe Nafarroa eragileek antolatutako ekimena da, aurten azaroaren 11tik 15era ospatuko dena.

Desberdintasun sozialak, mundu mailako gatazkak, giza eskubideak ikustarazi, eta orokorrean, gizartea sentsibilizatzeko eta itxita dauden begiak irekitzeko asmoa du erakusketak, eta jardunari heltzeko zinema tresna egokia dela uste dute arduradunek: “Iritsi ezin garen bestelako istorio eta bizipenetara gerturatzeko ahalmena dauka. Errealitate, elkarrizketa, pentsamendu eta beste kulturekin hartu-emana izateko aukera eskaintzen digu”.

Bada, hemeretzigarrenez egingo dute mostra, eta sei film pantailaratuko dituzte, ondoko gaiak jorratuko dituztenak: sexu-erasoak adingabeei; etxebizitza duina izateko eskubidea; lan-esplotazioa eta kapitalismoa; israeldarren okupazioa eta palestinarren erresistentzia; memoria historikoa; egia, justizia eta erreparazioa.

Saioak 19:30ean abiatuko dituzte, Iruñeko Golem Baiona zinema aretoetan, eta emanaldi bakoitzaren ostean lan-taldeetako kidekin solasaldia egingo da.

Ikusgai izango diren filmak:

  • Azaroaren 11n: Las chicas de la estación (Juana Macías, 2024) | Gonbidatuak: Juana Macías zuzendaria eta María Steelman aktorea
  • Azaroaren 12an: Dónde vamos a vivir/Mujeres contra el desahucio (Georgina Cisquella, 2024) | Gonbidatua: Georgina Cisquella zuzendaria
  • Azaroaren 13an: On Falling (Laura Carreira) | Gonbidatua: Begoña Pérez Eransus Nafarroako Unibertsitate Publikoko Soziologia eta Gizarte Laneko Saileko irakaslea
  • Azaroaren 14an: No Other Land (Basel Adram Hamdan Ballal, Yuval Abraham eta Rachel Szor, 2024) | Gonbidatua: Lidón Soriano Hezkuntza Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietan doktorea
  • Azaroaren 15ean (17:30ean): 16060 egun (Iñaki Alforja eta Iban Toledo, 2024) | Gonbidatuak: Iñaki Alforja zuzendaria eta Eneko Etxeberria Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’-ren anaia
  • Azaroaren 15ean: Indarkeriaren Oi(h)artzunak (Amaia Merino eta Ander Iriarte, 2024) | Gonbidatua: Amaia Merino zuzendaria

Goizeko heziketa saioak

Aurreko edizioetan bezala, Erdi Mailako Ikasketak egiten ari diren ikasleei zuzendutako saio bereziak egingo dituzte goizetan. Asmoa ikasleekin eztabaida sortzea da, eta horretarako gonbidatuak gerturatuko dira, hilaren 11n, 12an eta 13an Golem Baiona aretoetara. 09:15ean ekingo diote, eta hurrenez hurren, Te estoy amando locamente, Close (Lukas Dhont, 2022) eta Rafiki (Wanuri Kahiu, 2018) filmak eskainiko dituzte.

https://www.youtube.com/watch?v=9CS6aNjj3I0