Guztira, 83.000 euro banatuko dituzte bi sail ofizialetako eta ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea foroan lehiatuko diren lanen artea.

zinebi66 epaimahaiak

44 herrialdetako 132 film pantailaratuko dituzte guztira -erdiak baino gehiago estreinaldiak, eta emakumezkoek errealizatutakoak-, azaroaren 8tik 15era bitartean ospatuko duten 66. ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian. Denak, ordea, ez dira lehian izango.

Lanak bi multzotan banatu dituzte: Sail ofiziala eta bestelako proiekzioak. Lehenari dagokionez, batetik, 101 herrialdetako 51 obra erakutsiko dituzte Film Laburren Nazioarteko Lehiaketan, eta ondoko profesionalek izango dute horiek epaitzeko ardura: Anahí Berneri zuzendari, gidoilari eta zinema ekoizle argentinarra; Esther García Rodríguez Zinematografia Sari Nazionala; Claudius Gentinetta komikigile, animaziozko filmen zuzendari eta diseinatzaile suitzarra; Olatz Ganboa aktore euskalduna; eta Cannesen Urrezko Palma irabazi zuen Nebojša Slijepeeviere zinemagile kroaziarra.

Ikusi eta baloratu beharreko lanen artean sei ekoizpen euskal herritar daude, azaroaren 8ko irekiera-ekitaldian pantailaratuko dituztenak, Arriaga Antzokian: Azkena (Lorea Lyons eta Ane Ines Landeta), Ehiza (Aitzol Saratxaga), Horizontal (Alex Reynolds), Locas del ático (Tamara García Iglesias), Exergo (Jorge Moneo Quintada) edota Errotatiba (Iratxe Fresneda).

Ondoko sariak irabazteko hautagaiak izango dira: ZINEBI Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Espainiako Zinemaren Sari nagusia (6.000 euro), Fikziozkoko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro), Animaziozko Film Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro), Dokumental Labur Onenaren Mikeldia (5.000 euro), EiTB Publikoaren Saria (3.000 euro), FAS Zineklub Saria (2.000 euro) eta Unicef saria (diru-ekarpenik gabekoa).

Bestetik, 9 opera prima hartuko ditu ZIFF – ZINEBI Fist Film Nazioarteko Lehiaketak; bertan izango da ikusgai Itoiz musika taldearen memoria arakatuko duen Itoiz udako sesioak (Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka) dokumentala, aldi berean Xixongo Zinemaldian estreinatuko dena.

Teresa Lavina euskal dokumentalistak, Veton Nurkollari DokuFesteko kuradore eta zuzendari artistikoak eta Myriam Tafakory artista bisual eta zinemagile irandarrak osatuko dute epaimahaia. Bi sari banatuko dira sail honetan: ZIFF Sari Nagusia (12.000 euro) eta Gazte Epaimahaiaren Saris – ZIFF (UPV/EHU) (2.000 euro).

ZINEBI Netwroking

Azaroaren 11tik 14ra bitartean gauzatuko dute ZINEBI Networking: Dokumentalen sorgunea foroa, festibalaren 66. ekitaldiaren testuinguruan, eta garapen-egoera aurreratuan edo ekoizpen-fasean dauden 14 proiektu lehiatuko dira guztira.

Proiektu horiek 15.000 €-ko balioa duten eskudiruzko bi sari eskuratzeko aukera izango dute — igoera garrantzitsua izango da 2023arekin alderatuta, sari bakoitza 10.000 eurokoa baitzen —, eta azaroaren 15ean ebatziko dira Arriaga Antzokian Zinemaldiaren amaiera ekitaldian: EAEko film luze dokumentalaren proiektu onenaren saria (ZINEBI Networking EITB 2024 Saria) eta Espainiar Estatuko gainerako herrialdeetatik datorren proiekturik onenaren saria (ZINEBI Networking 2024 Saria).