Montxo Armendarizi eskainitako atzera begirakoak jarraipena izango du. Gainera, Sam Peckinpah hil zela 40 urte bete direla aprobetxatuz, haren hainbat film pantailaratuko dituzte; berriki zendu den Gena Rowlands aktorea goratuko dute ere.

Nafarroako Filmategia-azaroa

Urrian abiatu zuen Nafarroako Filmotekak Montxo Armendarizi eskainitako atzera begirakoa, eta jakinarazi dutenez, azaroan jarraipena izango du. Zinemagile nafarraren lehen filmei errepasoa emango diote bost saiotan. Hilaren 8an 17:15ean, Ikusmena (1980) eta Las cartas de Alou (1990) emango dituzte. Neskato batek, bere ikastetxeko pintura lehiaketa bateko sari banaketan bere koadroa nola sortu eta egin  zuen gogoratuko du, film laburrean. Bestetik, etorkinengan jarriko du fokua film luzeak.

Egun berean, baina 19:30ean, Ikuska 11 (1981) eta Historias del Kronen (1995) lanak pantailaratuko dituzte. Lehenak, Nafarroa hegoaldeko Erriberatik ibilbidea proposatuko du; bigarrenak, Kronen tabernan biltzen diren Carlos eta bere kuadrillaren gaualdiak kontatuko ditu. Azaroaren 15ean, Secretos del corazón (1997) egongo da ikusgai 19:30ean, baita hilaren 22an ere, 17:15ean. 60ko hamarkadan girotua, probintzietako hiri txiki bateko haur talde bat du protagonista; 4 Goya sari irabazi zituen eta ingelesaz besteko film onenaren Oscar sarirako hautagaia izan zen. Azkenik, egun berean, Silencios rotos (2001) lanak emango dio akabera azaroan programatutako Armendarizen filmei. 1944ko negura eramango gaitu 21 urteko Luciaren begiradatik.

Urrian bezala, Zinema eta Zientzia zikloak tartetxoa izango du oraingoan ere, bi filmekin. Civivox Condestable gunean Silent Running (Douglas Trumbull, 1972) eta animaziozko Robot Dreams (Pablo Berger, 2029) ekoizpen nafarra emango dituzte. Bestetik, Afrika Ezinbestekoa programaren 24. edizioa  ospatuko dute, azken urteotako kontinenteko pelikula nabarmenenak berreskuratuz: Mambar Pierrete (Rosine Mbakam, 2023), Juwaa (Nganji Mutiri, 2022), Dent pour dent (Ottis Ba Mamadou, 2022) eta Disco Afrika (Luck Razanajaona, 2023).

Azaroko saio bereziei dagokienez, NIFF – Navarra International Film Festival jaialdiko aurtengo irabazleak pantailaratuko dituzte; bestetik, mendizaleei zuzendutako emanaldia hartuko du filmategiak Nafarroako Kirol Klubak antolatutako Euskal Mendizale Federazioaren mendeurrenaren baitan. 1980ko Everesteko euskal espedizioa gogoraraziko dute, Alex Txikon eta Pasang Tembarekin.

Ez da efemeride bakarra izango, ordea. Sam Peckinpah hil zela 40 urte bete dira aurten, eta 2025ean haren jaiotzaren mendeurrena ospatuko da. Bada, 1960ko eta 1970ko hamarkadetan Hollywoodeko industria irauli zuten zuzendarien taldeko kidea omenduko dute haren filmak erakutsiz: Ride the HIgh Country (1962), The Ballad of Cable Hogue (1970).

Ateneok aurkezten du… atalean Gena Rowlands aktorea goratuko dute, berriki zendu dena. Gloria (John Cassavetes, 1980) egongo da ikusgai. Punto de Vista fokuan, aldiz, La terminal (Gustavo Fontán, 2023) ekoizpen argentinarra proiektatuko dute.

Lurralde osoko emanaldiak

Nafarroako Filmotekak lurralde osora zabalduko du bere egitaraua. Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntzarekin bultzatua eta NICDOk (Navarra Impulsa Cultura, Deporte y Ocio) antolatua, programazio-sarearen parte izango dira Tafalla –Mon père, le diable (Ellie Foumni, 2021), azaroaren 3an-, Aoiz –Ama-Das (Marga Gutierrez, 2022), azaroaren 17an-, Altsasu –Robot Dreams, azaroaren 18an- eta Lizarra –D’Artacán y los tres Mosqueperros (Toni Garcñia, 2021), azaroaren 10ean; Mon père, le diable, azaroaren 21ean-.