Gaur hasi eta azaroaren 8ra bitartean 60 lan erakutsiko dituzte Eibarko Coliseo Antzokian, 20:00etan. Sari-banaketa ekitaldia, aldiz, hilaren 9an egingo dute,19:30etik aurrera.
Eibarko Udalak eta Plano Corto elkarteak antolatuta, gaur abiatuko dute Asier Errasti Eibarko Film Laburren Jaialdiaren 25. edizioa. 170 lan inguru aurkeztu dira deialdira, eta hautaketa-batzordeak 60 aukeratu ditu hilaren 9ra bitartean. Saioak herriko Coliseo Antzokian egingo dituzte, 20:00etan, eta egunero, 10-12 lan egongo dira ikusgai. Sarrera doan da.
Proiektatuko dituzten filmen artean hainbat ekoizpen euskal herritar daude. Besteak beste, Betiko gaua (Eneko Sagardoy), Europa (Ekain Irigoien), El aprendiz (Raul de Campos Martin), Egun ona (Aritz Elguezabal Totorikaguena), Hotz (Lander Castro), Dena asmatuta dago (Jone Arriola Lobete), Plazer bat (Sonia Estevez).
Lehiaketarako bereziki izendatutako epaimahaiak izango du Asier Errasti Eibarko Film Laburren Jaialdian lehiatuko diren lanak epaitzeko ardura, eta honako sari hauek banatuko dituzte:
- Javier Aguirresarobe – Lehenengo saria (fikzioa): 700 euro
- Javier Aguirresarobe – Bigarren saria (fikzioa): 500 euro
- Euskarazko film labur onena: 700 euro
- Animaziozko film labur onena: 700 euro
- Eibarko film labur onena: 200 euro
Asier Errasti Eibarko Film Laburren Jaialdiaren 25. Edizioko sari-banaketa ekitaldia eta itxiera-gala azaroaren 9an egingo dute, Coliseo Antzokian, 19:30ean.
Ezagutu egitaraua, jarraian.