Damian McCarthyren lana izan da ikus-entzuleen gogokoena. Ekitaldiko lan arrakatsatsuena, baina, Wander to Wonder (Nina Grantz) izan da, izan ere, hiru sari lortu ditu. Europako Film Labur Onenari emandako Zilarrezko Méliès sariarekin aitortu dute Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederrra).
Pablo Hernandok zuzendutako Una ballena euskal ekoizpenarekin agurtu dute Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea, iragan larunbatean. Itxiera-ekitaldia Antzoki Zaharrean ospatu dute, eta bertan eman dituzte jakitera aurtengo irabazleak. Ohi bezala, ikus-entzuleek izan dute film luzeak baloratzeko ardura, eta bozka bidez, Damian McCarthyren Oddity obra irlandarra erabaki dute irabazle. Darcy medium itsu eta bitxikeria-saltzailea da protagonista; ahizpa bikia hil zela urtebete igaro da. Gertatutakoa argitzeko funtsezko elementu bilakatuko da ‘jakin-minen kabineteko’ zurezko maniki bat. Aldiz, Blogos de Oro Saria Bodegón con fantasmas (Enrique Buleo) film luzearentzat izan da.
Jaialdiko lan arrakastatsuena, baina, Wander to Wonder (Nina Grantz) izan da. Izan ere, hiru sari lortu ditu. Ikus-entzuleen gogokoena izan da, epaimahaiak ere hala berretsi du –“ unibertso berezia sortzeagatik eta berez animazioaren historiaren une bat halako nostalgiaz eta dekadentziaz iradokitzeagatik”, eta Gazte Epaimahaiaren Saria irabazi du.
Animaziozko film labur onenaren kategorian Playing God (Matteo Burani) nabarmendu dute herritarrek, eta Espainiako labur onena izendatu dute La valla (Sam) -Syfy saria ere bereganatu du-. Fanzine Onenari ikusleek emandako saria, FNAC Donostiak babestutakoa, Profondoa proiektuarentzat izan da.
Hainbat euskal ekoizpen erakutsi dituzte 35. Beldurrezko Astean, eta horietako bat izan da, hain zuzen ere, Europako Film Labur Onena. Zilarrezko Mélies Saria irabazi du Etorriko da (eta zure begiak izango ditu) (Izibene Oñederrra) obrak, “bere estilo bisual originalagatik, pandemiaren gaineko bere ikuspegi berritzaileagatik, eta istorio konplexua eraikitzeagatik, geruza, ikuspegi eta irakurketetan joria”. Bestetik, Euskal Film Onenari emandako EiTB Saria Xanti Rodriguezen Gizakia-k eraman du.
Dragoi Bola gogoan
Urriaren 25ean ekin zioten jaialdiari, eta orotara, 31 film luze, 45 labur eta telebistako 3 kapitulu proiektatu dituzte. Aurtengo berritasun nagusia japoniar animaziozko zinemari eskainitako Animedon sail paraleloa izan da. Lau film luze pantailaratu dituzte Victoria Eugenia Antzokian, eta Dragoi Bola telesaila omendu dute. ETBk 1989an euskaraz emandako telesailaren lehen kapitulua proiektatu dute hirian. Gainera, bi erakusketa antolatu dituzte: Dragoi Bola-tik infinitura. Akira Toriyamari omenaldiaeta Euskadi Fantastikoa 20: Nacho Fernández. Baita tailerrak eta topaketak ere, FNAC Donostian edo Medialaben (Tabakalera).
Egitarauaren baitan, gainera, Franz Kafka izan dute gogoan, haren heriotzaren mendeurrenean. Besteak beste, Kafka, lo kafkiano y el cine fantástico liburua argitaratu dute Asteak eta Hermenaute argitaletxeak, Jonathan Allenek eta Jesús Palaciosek idatzia.