Azaroaren 14tik 16ra bitartean ospatuko dute festibalaren laugarren edizioa, Hondarribian. Sail ofizialaz gain, bideoklip eta musika bideogintza lehiaketa bana egingo dituzte aurten.

AMUA 2024-zinea

Musika eta zinema uztartzen dituen AMUA zinemaldiak bi arteon sinergia indartzen jarraituko du. Laugarrenez ospatuko dute aurten, azaroaren 14an, 15ean eta 16an, eta ohi bezala, zinemagileak, ekoizleak, musikariak, adin guztietako ikus-entzuleak eta zaleak bilduko ditu.

AMUA KLUBAk eta Hondarribiako Udalak antolatutako ekimena da AMUA musika film laburren jaialdia, eta herriko Itsas Etxea Auditoriuma du topagune. Bertan erakutsiko dituzte, hain zuzen ere Sail Ofiziala osatuko duten 12 filmak, tartean, Para Kepa, Ahozko Tradizioa, Errotik edota Erromintxelak-Esperoan euskal ekoizpenak. Epaimahaiak -Kristina Zorita kazetaria, Miren Izan konpositore eta abeslaria, eta Xabier Erkizia soinu artista eta ikerlaria- ebatzitako lehen (2.000 euro) eta bigarren (1.000 euro) sarian irabazteko hautagaiak. Ikus-entzuleen aintzatespena (1.000 euro) ere jaso ahal izango dute.

Berrikuntza gisa, jaialdiak bi lehiaketa berri jarriko ditu aurten martxan. Batetik, ABL Bideoklip Lehiaketan Euskal Herriko banden lana eta talentua omendu nahi dute, merezi duten ikusgaitasuna lortzeko plataforma izan. Urri hasieran itxi zuten bertara proposamenak aurkezteko epea, eta aukeratuen behin betiko zerrenda argitzea falta da orain. Irabazleari 1.000 euro emango dizkiote opari.

Bestetik, AMUA BOTA! musika bideogintzako lehiaketa aurkeztu dute. Hondarribiko Udaleko gazteria sailarekin lankidetzan, Hondarribiko Bigarren Hezkuntzako 16 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Urrian musika bideosormenari buruzko tailer bat garatu dute ikus-entzunezko lan bat egiteko tresnak eta teknikak erakusteko. Bada, bertan sortutakoak AMUA jaialdiaren 4. Edizioan erakutsiko dituzte. Hondarribiko Udaleko Kulturako teknikariek osatuko dute epaimahaia eta 500€ edo editatzeko materiala eskainiko dute sari gisa.

Bestelako jarduerak ere hartuko ditu AMUA musika film laburren jaialdiaren laugarren edizioak: Radio 3 kateko El Sótano zuzeneko saioa, Hondarribiko ikasleentzako kontzertu pedagogikoak, musika dokumentalak, binilo azoka eta askoz gehiago.