Urriaren 30etik hasita, 2025eko maiatzera bitartean garatuko da mostra, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ekitaldi Aretoan. Zazpi filmek osatuko dute programa, eta bakoitzaren ostean solasaldirako tartea irekiko dute.
Herrialdeko errealitate anitzak ezagutzara emateko asmoz, Donostiako Italia Txiki Elkarteak antolatutako Mosaiko Italiarra zikloak bosgarren edizioa beteko du aurten. 2024ko urrian hasi eta 2025eko maiatzera bitartean luzatuko da, eta “tokia”-ren ideia izango du ardatz, bere esanahi eta berezitasun guztiekin: “Tokia da emigratu behar izan duenaren harrerako herrialdea, fantasia eta ametsak adierazteko aukera ematen duen toki magikoa, edo bakartzen gaituen espazioa, biltzen gaituen espazioa, edo Historia Handiaren antzoki bihurtzen dena”.
Urriaren 30ean ekingo diote egitasmoari, Taviani anaiak omenduz. Benetako gertakarietan oinarritutako Good Morning Babilonia (Paolo eta Vittorio Taviani, 1987) filmak, hain zuzen ere, Toskanan jaiotako bi anaien istorioa kontatuko du. Elizen zaharberritzaileak dira, eta familia negozioaren porrota jasan ondoren Estatu Batuetara emigratzen dute. Beren trebetasunari esker, eszenografien eraikitzaile gisa lan egingo dute David Wark Griffith zuzendariaren Intolerance filmean. Baina familiarteko zorigaitzek eta Lehen Mundu Gerrak modu ezabaezinean markatuko dituzte haien bizitzak.
Azaroaren 20an, aldiz, Andrea Segreren Io Sono Li (2011) izango da ikusgai, immigrazio historia, Italiako ipar ekialdean girotutakoa: Shun Li, Erromaren kanpoaldean dagoen fabrika bateko langile txinatarra, bere egoera legeztatzen saiatuko da, zortzi urteko semea Italiara ekarri ahal izateko. Bat-batean, Chioggiara bidaliko dute, Veneziako aintzirako uharte bateko hiri txiki batera, zerbitzari gisa taberna batean lan egiteko. Han, Bepi arrantzale eslaviar batekin elkartuko da.
Abenduan atseden hartu ostean, Non ci resta che piangere (Massimo troisi eta Roberto Benignim 1984) komediarekin hasiko dute urte berria, urtarrilaren 22an. Massimo Troisi aktorea omentzeko aprobetxatuko dute, haren heriotzaren 30 urteurrenaren harira. Espazioan, denboran eta bizitzaren zentzugabekerietan egindako bidaia batera garamatzan filmak, gainera, 40 urte beteko ditu: ‘Zer esango zenioke Leonardo Da Vinciri, zer egingo zenuke errege katolikoen Espainian?’.
Otsailaren 19an, Michelangelo Antonioniren klasiko bat emango dute: L’Avventura (1960). Zuzendariaren inkomunikazioari buruzko tetralogiaren lehen atala da, zeinetan Monica Vitti aktoreak bere paper komikoak utzi eta bere gaitasun dramatikoa aurkitu zuen: Eolias uharteetan emakume bat itsasontzi batean desagertu izana eta hura ezin aurkitu izatea norbere burua aurkitzeko saiakera bat besterik ez dira izango. Giza hauskortasunari eta sentimenduen isolamenduari buruzko filma da.
Izen bereko antzezlanaren egokitzapena dakar hurrengo saioak. Martxoaren 19an Le sorelle Macaluso (Emma Dante) pantailaratuko dute: Maria, Pinuccia, Lia, Katia eta Antonella. Bost ahizpa Palermoko aldirietako eraikin baten azken solairuan bizi dira eta bertan hazi dira; leku horretan, denboraren aztarnak gordetzen dira, bost ahizpen bizitza haurtzarotik zahartzarora zeharkatzen duen denboraren aztarnak.
Bigarren Mundu Gerraren amaieraren eta faxismotik askatu izanaren 80. urteurrena ospatzeko Roma città aperta (Roberto Rossellini, 1945) berreskuratuko dute, apirilaren 29an. Gerra amaitu eta berehala eta egoera ezegonkorretan filmatu ondoren, filmak Urrezko Palma jaso zuen Cannesko Zinema Jaialdian, eta Italiako errealismo berriko ezinbesteko lana bilakatu zen.
Zikloa Dino Risiren Il segno di Venere (1955) komediak itxiko du, maiatzaren 21ean. Sophia Loren eta Franca Valerdi dira aktoreak, eta hain zuzen ere, azken hau goratuko dute saioan. Cesira eta Agnese lehengusinak dira, eta elkarrekin bizi dira Erroman. Agnese ederra eta ikaragarria da, eta Cesira, berriz, ameslaria eta sentimentala. Agnesek begirada guztiak erakartzen ditu, Cesira, aldiz, beti oharkabean pasatzen da. Hala eta guztiz ere, Cesirak bere bizitzako gizona aurkitu nahi du, eta, iragarle batengana joango da.
Saioak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko Ekitaldi Aretoan egingo dira, 18:30ean. Emanaldiaren aurretik filmari buruzko xehetasunak emango dituzte, eta ostean solasaldirako tartea egongo da. Proiekzioak jatorrizko bertsioan eta gaztelaniazko azpitituluekin izango dira.
Jarraian duzue 5. Mosaiko Italiarraren programa.
Leave A Comment