2024ko edizioa urriaren 31tik azaroaren 7ra egingo da, eta parte hartzaileek gehienez 3 minutuko iraupena duten obrak errodatu beharko dituzte. Aurtengo gaia ezagutzara eman aurretik, ‘Zure lehen film laburra mugitzea’ izeneko solasaldia eskainiko du Julieta Juncadella zinemagile, banatzaile eta ekoizle argentinarrak, Bilboko La Perrera eraikinean.
ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, ZINEBI EXPRESS film laburren lehiaketaren 15. edizioa iragarri du. Lehiaketa urriaren 31tik azaroaren 7ra egingo da, eta parte hartzaileek gehienez 3 minutuko iraupena duten obrak errodatu beharko dituzte, Bilbon bertan (gutxienez eszena bat kanpoaldean errodatua egon beharko da).
Edozein nazionalitatetako ikasleei eta talde tekniko eta artistikoei irekita dago deialdia -talde bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahalko du-, hala, film labur bat grabatu nahi duen orok bere talentua probatzeko aukera izango du oso denbora gutxian. Interesa dutenek urriaren 31n La Perrera Eraikineko Konekta Aretoan egon beharko dute 13:30etik 14:00etara bitartean, eta bertan, pendrive bana emango zaie sortutako obra gorde eta antolakuntzari entregatzeko (azaroaren 4an, 17:00etatik 18:00etara). Eguenean bertan jakinaraziko zaie gaia ere.
Industriako profesionalek osatutako epaimahai batek -Guillermo Rivera Moyano kritikari eta zineamgilea; Maria Ibarretxe artista bisual eta eszenikoa; Marta garcia programatzaile, kultur kudeatzaile eta komunikatzailea- ebatziko ditu sariak: 800 euro, 600 euro eta 40 euro. Gainera, ZINEBI Networkingerako akreditazioa ere emango zaie. Irabazleen lanak azaroaren 7an proiektatuko dituzte Golem Alhondigako zinema-aretoetan.
Topaketa
EHUKultura UPV/EHUrekin, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatearen, Arte Ederren Fakultatearen (UPV/EHU), Euskal Herriko Zinema Eskolaren (ECPV), Tartanga Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren, Mondragon Unibertsitatearen eta IHOBEren elkarlanarekin antolatu du jaialdi bilbotarrak, aurten, ZINEBI EXPRESS egitasmoa. Azaldu dutenez, gainera, “lehiaketak aperitibo bat izango du, zeinak zinemarekin eta ikus-entzunezko industriarekin lotutako ikasketetako ikasleak interpelatzen baititu”.
Urriaren 31n bertan, Julieta Juncadella argentinarrarekin topaketa antolatu dute, La Perrera eraikinean. Buenos Airesen ENERC eta UTDT-en zinea ikasi zuen, baina 2018tik Espainian bizi da. EQZEko Komisariotza graduondoko ikasketak egin zituen Tabakaleran, Donostian. Zinea sortzearen, programatzearen eta ekoiztearen artean garatzen du bere lana. ‘Zure lehen film laburra mugitzea’ izeneko solasaldia eskainiko du, zinema industrian hasiberriak direnei eta beren lehen obren banatu nahi dutenei zuzendutako hizketaldi praktikoa.
Ezagutu oinarriak eta parte hartzeko baldintzak, hemen.
Leave A Comment