Urriaren 24tik 26ra bitartean ospatu dute 2024ko Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Nazioarteko Festibala, eta Miguel Varelak zuzendutako obra izendatu dute garaile. Ikus-entzuleen saria Cuentas divinas (Eulalia Ramón) lanak irabazi du.
Sail ofizialeko lehiaketa bukatuta, larunbatean, La mesita del comedor (Caye Casas) filmaren emanaldiarekin agurtu zuten Iruñean ospatu ohi duten XIII. Horror Online Art Jaialdia. Oihartzun handirik gabe estreinatu zen 2022an zinema aretoetan, baina Stephen King idazleak eta Mick Garris zinemagileak urteko beldurrezko film onena izendatu ostean iritsi zitzaion arrakasta.
Ostean, Gaztediaren Etxean bertan, 2024ko Nafarroako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XIII. Nazioarteko Festibaleko irabazleen berri eman zuen epaimahaiak. Carla Calderón eta Ana Isabel Martins zinemagileek, Fernando Albert Bermejo aktoreak, Brenda Ramirez kultura sustatzaileak eta Luis Ortiz Escalante lokutore eta idazleak izan dute lehian izan diren 16 film laburrak ikusteko eta baloratzeko ardura, eta Miguel Varelak zuzendu eta Rosa de la Torrek interpretatutako Polvo de Ángel aukeratu dute garaile. Azaldu dutenez, “kutsatutakoen zinemaren irakurketa feminista eskaintzen du, gaur egun zoritxarrez presente daukagun errealitate sozialean fokua jartzen du”.
Bestalde, ikus-entzuleek Eulalia Ramónek zuzendutako Cuentas divinas lana izan dute gogokoen. Gainera, CVLTO ekoiztetxeari eta La VaBO konpainiari sari bereziak eman dizkiote jaialdiaren alde egindako lanagatik. Baita Huesos míos obrari ere.